Lemond, Greg
Estatubatuar txirrindularia (Lakewood, Kalifornia, 1960). 1983an lortu zuen garrantzizko lehenengo saria, errepideko munduko txapelketa hain zuzen. 1984an hirugarrena izan zen Frantziako Itzulian. 1985ean Bernard Tapiek egin zion kontratua Bernard Hinault-en ondoan korritzeko eta tratu bat proposatu zien bi korrikalariei: Bernard Hinault-ek bere bosgarren Frantziako Itzulia irabazi behar zuen 1985ean, eta Greg LeMond 1986an nagusituko zen. Eta hala gertatu zen, gertatu ere. Bernard Hinault 1986an erretiratu zen txapelketetatik eta bazirudien Greg LeMond izango zela nagusi. Baina 1987an istripu larri bat izan zuen. Hala ere, bere lanak eta borondateak txapelketetan aritzera eraman zuten berriz. 1989an Frantziako Itzulia irabazi zuen Laurent Fignonen aurretik, 8 segundoko aldea besterik ez zegoela. Urte horretan bertan, munduko txapelduna izan zen errepidean. 1990ean Frantziako hirugarren Itzulia irabazi zuen, Claudio Chiappucciren aurretik. 1994an utzi zituen lehiaketak.