Lemmon, Jack
Estatubatuar antzerki eta zinema antzezlea (Boston, 1925 – Los Angeles, 2001). Harvard-eko unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1953an hasi zen antzezle lanetan Broadway-en. Mister Roberts (1955) lanarekin egin zen ospetsu. Some Like It Hot eta The Apartment filmetan jokatu zituen pertsonaiek finkatu zuten Lemmonen estiloa; ohiko filmetako protagonista ez bezalako pertsonaia, itsusia, xelebrea, galtzailea. Bigarren mailako antzezlearen Oscar saria irabazi zuen Mister Roberts filmagatik eta antzezle onenarena Save the Tiger (1973) filmean egindako lanarengatik. Haren beste lan aipagarri batzuk: Days of Wine and Roses (1962), The Odd Couple (1968), The Front Page (1974), Missing (1982; Oscar saria aktore nagusiari). 1990eko hamarraldian ere lanean jarraitu zuen Lemmonek. Hauek ditu film aipagarrienak: Glengarry Glen Ross (1992), James Foleyrena, Al Pacinorekin; Robert Altman-en Bizitza gututzatuak (1993), kritikaren aldetik arrakasta handia izan zuena; Kenneth Branagh-en Hamlet (1996), Charlton Hestonekin.