Lee, Laurie
Ingeles poeta (Stroud, Gloucestershire, 1914 - 1997). 19 urte zituela etxetik irten eta Londresera joan zen oinez. Han igeltsero aritu zen, baina 1935ean Espainiara joan eta biolina joaz ateratzen zuenarekin herrialde guztian zehar ibili zen, gerra zibilaren amaiera aldera Londresera itzuli zen arte. Poeta honen talentua, xarma eta indarra garbi azaltzen dira Eguzkia, nire monumentua (1944), Kandelen kimua (1947) eta Hainbeste berokitako nire gizona (1955) hasierako liburuetan. Arrosa bat negurako (1955) liburuan, berriz, Espainiako bidaiaren oroitzapenak biltzen ditu. Arrakastarik handiena, ordea, Sagardoa arrosekin (1959) liburuak ekarri zion; liburu horretan nekazari giroko bere haurtzaro zoriontsua gogoratzen du. Baditu osagai autobiografikoko beste poema liburu batzuk ere: Paseatzera irten nintzenean udako goiz batean (1969), Nik ezin dut iraun (1975) eta Gerra unea (1991). Leeren olerkiek Auden, Spencer eta, agian, García Lorcaren kutsua badute ere, Ingalaterrako ahozko tradizio onenaren oinordeko gisa agertu da haietan. Leek bi drama ere idatzi zituen neurtitzetan: Nekazarien apaiza (1947) eta Magallanesen bidaia (1948).