Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lee, Harper

Estatubatuar eleberrigilea (Monroeville, Alabama, 1926). Goi ikasketak Alabama eta Oxfordeko unibertsitateetan osatu ondoren, hegazkin konpainia baten bulegoetan hasi zen lanean New Yorken, baina berehala utzi zuen hango lana, haurtzarotik zuen literatura zaletasunari ekiteko. 1960an bere lehen eleberri eta bakarra argitaratu zuen: To kill a mockingbird (Urrentxindorra hil). Eleberri honetan bere sorterrian (hegoaldeko hiri txiki batean) igarotako haurtzaroko urteak hartu zituen kontagai, eta bere aitarengan oinarritutako pertsonaia bat, Atticus Finch, hartu zuen eleberriko protagonista. Estatu Batuetako kritikak eta irakurleek oso harrera ona egin zioten, eta 1961ean Pulitzer saria jaso zuen. Harper Leek ez zuen garrantzizko beste lanik idatzi, baina bere eleberria zinemarako egokituz egin zen filmari esker, ospeak luzaro iraun zion. 1962ko To kill a mockingbird filmagatik gidoi onenaren Oscar saria eman zioten Horton Footeri, eta antzezle onenarena Gregory Pecki, eleberriko protagonista nagusiaren papera era bikainean antzeztu zuelako.