Lamarque, Libertad
Argentinar kantari eta antzezlea (1909 - 2000). Emakume ahotserako tango motaren sortzailetako bat izan zen. Musikarako eta antzezpenerako gaitasun bikaina izateaz gainera, oso soprano ahots altua zuen, urteak igaro ahala aldatuz joan zena. Buenos Airesko antzokietan hasi zen lan txikiak eginez, eta atzerriko film mutu batzuetan ere parte hartu zuen, M. Parpagnoliren Adiós Argentina (1926) filmean esaterako. 1936an izan zuen antzezle sonarik handiena, Gaucho sol eta Chilecito diskoek lortutako famaren ondorioz. Harrezkero eta José A. Ferreyraren zuzendaritzapean hainbat film egin zituen, besteak beste, Ayúdame a vivir (1936) eta Besos brujos (1937). 1947an, arrazoi politikoak zirela medio, Mexikora joan zen bizitzera eta han ere arrakasta handia izaten jarraitu zuen. Lamarqueren nortasunari loturik egongo ziren beti “Café de los angelitos”, “Sombras nada más” eta “Madreselva” tangoez egin zituen bertsio paregabeak.