Lamb, Charles
Britainiar idazlea (Londres, 1775 - Edmonton, 1834). 1796. urtean argitaratu zuen bere lehen obra, lau sonetok osaturiko poesia bilduma bat. Sona handia lortu zuen A Tale of Rosamund Gray narrazioari esker 1798. urtean. 1801. urtean idatzi zuen, drama idazle isabelinoen ereduari jarraiki, John Woodvil drama. 1807. urtean eman zuen argitara Shakespeareren antzerkian oinarrituriko Ipuinak (Tales from Shakespeare), bere arreba Maryrekin batera idatzi zituenak. 1810-1811. urteetan Shakespeare eta Hogarth idazle britainiarren gaineko saiakerak argitaratu zituen baina bere obrarik ezagunenak 1820-1825. urteetan Elia izenaz idatzi zituen saiakerak izan ziren, geroago Eliaren saiakerak izenburupeko bilduma osatu zutenak. Harenak dira, halaber, The Adventures of Ulysses (1808), Mrs. Leicester’s School (1809) eta Specimens of English Dramatic Poets Who Lived About the Time of Shakespeare (1808) obrak.