Lambert, Élie
Lapurtar arte historialaria (Baiona, 1888 - Paris, 1961). Artearen Historia ikasi zuen Parisko Sorbonan eta Madrilen osatu zituen ikasketak, Espainiako historiografia goreneko mailan zegoen garaian. Arteko irakasle izan zen gero Madrilen, Caenen eta Sorbonan. Espainiako Erdi Aroko arte kristaua nahiz musulmana ikertu zituen eta ikerketa horien ondorioz El arte gótico en España en los siglos XII y XIII (1931, Arte gotikoa Espainian XII eta XIII. mendeetan) liburua argitaratu zuen, Espainiako garai horretako artearen historiari buruzko lanik garrantzitsuenetako bat. Lamberten lan ugariren artean aipagarrienak dira: Le style gotique (1943, Estilo gotikoa); L’art en Espagne en au Portugal (1945, Artea Espainian eta Portugalen); La catedral de Pamplona (1951, Iruñeko katedrala); Art musulman et art chrétien dans la Peninsule Ibérique (1958, Arte musulmana eta arte kristaua Iberiar Penintsulan); Le pèlegrinage de Compostelle: études d’histoire médiévale (1959, Compostelako erromesaldia: Erdi Aroko historiari buruzko ikerketak); L’art musulman d’Occident des origines a la fin du XVe siécle (1966, Mendebaldeko arte musulmana hastapenetatik XV. mendearen amaiera arte).