Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lamaismo

iz. Erl. Tibeten, Asiako erdialdean eta Mongolian hedaturiko budismo eskola, budismo tibetarra ere deitua Tibeten errotu eta moldatu zelako. Budismoa Tibeten VII. mendean Srong-tsan-ganpo erregearen eskutik sartu zen. Funtsean lamaismoa budismo mahayana motakoa da, nahiz bertako antzinako erlijioaren (bon) elementuak beretu dituen, vajrayana edo tantrismo budikoaren praktikekin batera (Padmasambhava hinduak VIII. mendean zabaldurikoak). XI. mendeko Atisa bengalarra lehenbizi eta XIV. mendeko Tsong-kha-pa bereziki izan ziren lamaismoaren erreformatzaile nagusiak; haiek finkatu zituzten geroko lamaismoaren ezaugarriak, eta antzinako praktika magikoak alboratu. Dena den, aztikeriez eta magiaz beteriko lehengo erlijioaren eraginez, hasierako budismotik at garatu zen lamaismoa eta zenbait elementu bereziz hornitu, hala nola mantrak, erritu landuak, Budaren haragiztatze bizia diren zenbait lamaren gurtza eta maila desberdineko jainko eta deabru ugariak. Sanskritoz idatzitako testu budistak lehen mendeetatik itzuli eta gorde zituzten, halako eran non jatorrizko hizkuntzan galdutako testu asko (budismoa XIII. mendean desagertu zen Indian) tibeterazko bertsioan soilki ezagutzen diren. Hala, XIV. mendeko bi testu bilduma lamaismoaren oinarritzat hartuak izan dira: Kan-jur (Budaren hitzen itzulpena) eta Tan-jur (Tratatuen itzulpena), itzulpenez, iruzkinez eta lan originalez osaturikoak. XVII. mendetik bi bodhisattva, Dalai Lama eta Pantxen Lama, Tibeteko agintari politiko eta erlijioso nagusiak izan dira.