kolonia 1
iz. Lurralde batean kokatzen den atzerritarren multzoa; horrelako kokalekua. || Estatu baten mendean dagoen herrialdea. v Hainbat kolonia mota izan dira. Aipagarrienak hauek dira: 1) Ustiaketa koloniak, bertako baliabideez jabetu eta metropoliaren interesen arabera erabiltzen zituztenak. Metropoliko funtzionariek gobernatzen zituzten, eta haiek, aldi berean, botere guztiak zituen gobernari nagusi baten mende zeuden. Kolonia mota usuena izan zen, eta halakoak ziren, adibidez, Afrika beltzekoak eta Ekialde Urrunekoak. 2) Kolonizatzaileez bete ziren koloniak. Boterea gobernu autonomo baten esku zegoen, baina haren gainetik gobernadore bat zegoen metropoliak hautatua. Kolonizazio mota hori britainiarren mende zeuden kolonietan egin zen, batez ere: Kanadan, Australian, Zeelanda Berrian. Herrialde horietan Europatik joandako jende askok hartu zuen bizilekua eta bertako biztanleak baztertuta utzi zituzten erreserbetan. 3) Protektoratuak. Bertako gobernua zuten herrialdeetan erabili zen: Egipton, Marokon, Tunisian, etab. Itxura batean herrialdeko politikaz bertako agintariak arduratzen baziren ere, ez zegoen egiazko autogobernurik, metropoliaren “babespean” baitzegoen kolonia, eta haren ordezkariek hartzen zituzten funtsezko erabakiak. 4) Ordezko agintaritza. Alemaniak Lehen Mundu Gerran bere koloniak galdu zituenean, Nazio Elkarteak beste herri batzuei eman zien haiek gobernatzeko kargua, eta orduan sortu ziren kolonia mota horiek. 5) Merkataritza eskubideak. Txinan eta beste herrialde batzuetan herri inperialistek abantaila eta eskubide batzuk lortu zituzten merkataritzan hitzarmen batzuen bitartez. Merkataritza eskubide haietaz baliatuta, hiri eta portu garrantzitsu asko metropoliaren esku geratu ziren.