Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kolonbia

(Izen ofiziala, Kolonbiako errepublika; Gazt., República de Colombia). Hego Ameriketako ipar-ekialdeko estatua, bertako laugarren estatu handiena. 1.141.748 km2 eta 45,013,672 biztanle (2008, kolonbiarrak). Mugak: mendebaldean Ozeano Barea, ipar-mendebaldean Panama eta Karibeko itsasoa, ekialdean Venezuela eta Brasil, hego-mendebaldean Peru eta Ekuador. Hiriburua: Bogota (7.690.969 biztanle). Hiri nagusiak: Medellin, Cali, Barranquilla, Cartagena. Hizkuntza ofiziala: gaztelania. Etniak: mestizoak % 58, zuriak % 20, mulatoak % 14, beltzak % 7, indiarrak % 1. Erlijioa: katolikoa da nagusia, % 95. Dirua: Kolonbiako pesoa. ■ Kolonbiak 1819an lortu zuen Espainiarekiko burujabetasuna, eta inguruko herrialdeak baino lehenago hasi zen gobernu zibilarekin hauteskunde libreak egiten. Azken urteetan, dena dela, hilketek, gerrillaren jarduerak, droga trafikoak eta abarrek arazo larriak sortu dituzte Kolonbian, eta egoera oso nahasia da gaur egun.  v  Orografia eta hidrografia. Kolonbiako lurraldean bi parte nagusi bereiz daitezke: a) Ande mendiek, hiru lerrotan banaturik (Mendebalekoa, Erdikoa eta Ekialdekoa), hegoaldetik iparraldera gurutzatzen dute Kolonbiako mendebala. Ozeano Baretik itsasbazter meharrak bereizita Mendebaleko mendikatea dago, itsasbazterrari jarraituz Panamaraino hedatzen dena (Cumbal sumendia, 4.764). Mendebaleko mendikatetik Cauca ibaiak eratzen duen sakan mehar sartuak bereizita Erdiko mendikatea dago (Nevado de Tolima, 5.215 m; Nevado del Huila, 5.750 m; Nevado del Ruiz, 5.400 m). Ekialdeko mendikatea Erdiko mendikatearen adarra da; Magdalena ibaiaren ibar zabalak bereizten ditu mendi lerro biak, eta Nevado del Cocuy (5.493 m) mendian du gailurra. Ekialdeko mendikatea bi adarretan banatzen da iparraldean: ekialdekoak Venezuelan Meridako mendikatea eratzen du, eta mendebalekoa Guajira penintsularaino iristen da. Andeetatik berex dagoen mendi nagusia Nevada de Santa Marta izeneko granitozko multzoa da; iparraldeko muturrean dago, eta bertan dago, itsasbazterretik 40 km-ra, Kolonbiako mendi garaiena: Kristobal Kolon mendia, 5.775 m. Kolonbiako sumendiek bizirik dute sua, eta hondamendi handiak eragiten dituzte. b) Andeetatik ekialdera lurraldearen erdia baino gehiago hartzen duten ordoki zabalak daude, Amazonas eta Orinoco ibaien arroetaraino direnak. Bestalde, iparraldean, Andeetako azken mendien eta Karibe itsasbazterraren artean Magdalena ibaiaren beheko ibilguak eratzen duen ordoki zabala dago.  v  Ibai asko daude Kolonbian. Ozeano Barean isurtzen dutenak gutxi, laburrak eta ur emari handikoak dira. Ande mendien hegotik iparralderako lerrokadura dela eta, mendiotan biltzen den ur asko iparralderantz jaisten diren Magdalena (1.700 km inguru) eta honen adarra den Cauca ibaiek isurtzen dute ura Karibe itsasoan. Kolonbiako ibai gehienak, ordea, ura Atlantiko itsasoan isurtzen duten Orinoco eta Amazonas ibaien adarrak dira: Meta, Vichada, Guaviare eta Inirida ibaiak, batetik, eta Vaupes, Anaporis, Caqueta eta Putumayo, bestetik. Aintzira txiki asko daude Ande mendietan, eta iztingadiak ordokietako behe aldeetan.  v  Kolonbiak kontinenteko lurraz gainera uharte txiki batzuk ere baditu. Horien artean Karibeko San Andres eta Providencia, eta Ozeano Bareko Malpelo uharteak dira nagusiak. Itsasertzak 2.900 km ditu guztira, 1.600 km Karibe aldean eta Ozeano Barean gainerakoa.  v  Klima eta landaretza. Kolonbiako klima ekuatore aldekoa da, beroa eta hezea, alde batetik bestera asko aldatzen dena. Itsaso Bare aldean beroa eta euritsua da; Atlantiko aldean, tropikala, sasoi lehor batekin; Orinocoren aldeko arroan (Los Llanos), berriz, euri eta lehor aldiak tartekatzen dira; Amazonas aldean oso hezea da. Andeetako klima, garaieraren arabera aldatzen da: 1.000 m bitartean hezea da, 1.000-2.000 m artean samurragoa, 3.000 m-tik gora Atlantiko aldekoa, eta 4.570 m-tik gora, urtzen ez diren elur-izotzak izaten dira.  v  Landaretza ugaria eta askotarikoa da Kolonbian. Ozeano Bare aldean mangle zuhaiztiak daude, eta Guajirako eremu idorretan karduak eta lur lehorretara egokitutako landareak. Los Llanos ordokian larre sabanak eta baso tropikalak daude, Atlantiko itsasoaren aldeko ordokietan palmondoak, eta Amazonas eta Choco aldeetan, berriz, ekuatore aldeko oihan sarriak. Ande mendiek dute landare ugaritasun handiena; beste askoren artean, jakaranda, ebanoa eta zedroa dira zuhaitz nagusiak, eta kopaiba, endalaharra eta kina sendabelar ezagunenak; gorago, elurra bitarteko zatia elkorra da, landare urri duena. ■ Biztanleak. Kolonbiako biztanleen erdia europarren eta indiarren nahasketa da (mestizoak), eta gainerakoak mulatoak, europarrak, beltzak eta indiarrak dira. Kolonbiako hizkuntza ofiziala gaztelania den arren, 60 dialekto indigena baino gehiago erabiltzen dira, aimara, arawaka, txibtxa, kitxua eta beste zenbait. Biztanle gehienak (% 70 inguru) hiriguneetan bizi dira, Karibeko itsasbazterreko eta Ande mendietako inguruetan. Azken hamarraldietan biztanle kopurua oso bizkor hazi da Kolonbian 1990eko hamarraldiaren erdialdea arte, baina azken urteotan jaiotza tasa murriztu izanari esker jaitsi egin da hazkundea. Bestalde, bertako biztanleria oso gaztea da (biztanleen % 40 da 18 urtetik beherakoa, eta % 4 bakarrik 65 urtetik gorakoa). Bizi itxaropena 71 urtekoa da, batez beste. ■ Ekonomia. Kolonbia baliabide aberatseko herrialdea da; bertan daude Latinoamerikako ikatz erreserba handienak, eta badira petrolioa, urrea, esmeraldak (munduko finenetakoak) eta beste zenbait mea ere (zilarra, nikela, platinoa). Dena dela, meatzaritzaren aurretik nekazaritza da oraindik Kolonbiako jarduera nagusia (munduko bigarren kafe esportatzailea da), eta abeltzaintzak indar handia du. Kanpo merkataritza liberalizatzeko eta bertako ekonomia zabaltzeko neurriak hartu ziren 1990eko hamarraldiaren hasieran, eta neurri horiek eragin handia izan zuten bertako industrietan; industriak eraberritzeko, modernizatzeko eta sendotzeko bidea eman baitzuten jarrera horrek erakarritako atzerriko inbertsioek. Horrela, Kolonbia munduko herrialde azpigaratuen sailean sartu izan den arren, nekazaritzarekin eta meatzaritzarekin izandako loturetatik askatzen ari da azken urteetako industrializazioari eta aurreramendu teknologiko berriei esker (barne produktu gordinaren % 20 inguru hartzen du). ■ Dena dela, Kolonbiako ekonomiak gainbehera izan zuen 1998an, petrolioaren munduko prezioen merketze, esportazioen urritze, indarkeria eta inbertsioen beherakadaren ondorioz. Pastranaren gobernua ahalegin handiak egiten ari da finantzen alorrean ekonomiaren arazo nagusiei aurre egiteko, langabezia tasa garaiari batez ere. Neurri zorrotzak hartu ditu, besteak beste, ekonomiaren gainbeherak ekar zezakeen bankuen krisia ekiditeko eta nazioarteko laguntza eskatzen ari da gerrillekin bake hitzarmenak sinatzeko. Petrolioaren prezioen merketzea eta indarkeriak dakartzan galerak dira, hain zuzen ere, gaur egungo arazo nagusiak Kolonbiako ekonomian, droga trafikoaz gainera. Inflazioa % 16,7koa izan zen 1998an eta langabezia % 15,7koa. ■ Cannabis eta koka landare asko lantzen dira Kolonbian, nahiz eta legez kanpoko jarduera den. Gai horien lanketa eta bilketak, salerosketak, banaketak eta kontsumoak herrialde barruan eta kanpoan arazoak sortu ditu, eta hilketa ugari eta politika ustelkeria ekarri dizkio Kolonbiari, baina oraindik ere jarduera horiek dira atzerriko diru sarrera gehien erakartzen dutenak. Kafea da diru gehien ematen duen legezko jarduera, baina diru gehiago ateratzen da kokainaren pasta lantzetik eta saltzetik (barne produktu gordinaren % 5 hartzen du gutxi gorabehera). ■ Gobernua eta administrazioa. Gaur egun indarrean den konstituzioa 1991koa da. Erregimen politikoari dagokionez, Kolonbiak errepublika egitura du, eta lehendakaria da estatuburu eta gobernuburu. Lehendakaria lau urtez behin hautatzen da, eta berak izendatzen ditu Kolonbiako departamenduetako eta barrutietako gobernadoreak. Legegintzako ahalmena senatuari eta ordezkarien ganberari dagokie, eta justizia gorte gorena da justiziaren organo nagusia. Kolonbiako lurraldea 33 administrazio barrutitan dago antolatua (23 departamendu, 4 intendentzia, 5 komisariotza eta hiriburu barrutia).  v  Kultura. Kolonbiako kulturak eta arteak Espainiakoaren eragin handia izan dute. Pinturan Ramón Torres Méndez, Alejandro Obregón eta Fernando Botero nabarmendu dira, eskulturan Edgar Negret, musikan Guillermo Uribe Holguín, eta literaturan Jorge Isaacs (María, 1867), José Eustasio Rivera, Baldomero Sanín Cano eta Gabriel García Márquez (Cien años de soledad), 1982. urteko Literaturako Nobel Sariaren irabazlea. ■ Historia. Espainiarrak gaur egungo Kolonbiako lurraldera iritsi zirenean indiar herriak bizi ziren bertan, beste batzuen artean, karibeak Atlantikoan, arawakak eta guajiroak ekialdeko ordokietan, kitxuak mendebaleko eta erdiko mendietan, etab. Ekialdeko mendietan txibtxa indiarrak bizi ziren, politika eta gizarte antolakuntza aurreratua zutenak; txibtxen hiriburua Bacata zen, gaur egungo hiriburuaren inguruetan.  v  Konkista. 1499an iritsi ziren espainiarrak gaur egungo Kolonbiaren itsasertzera. Handik urte batzuetara lurraldea esploratzeko espedizioak antolatu eta lehen hiriak sortu ziren (Santa Marta, 1525; Cartagena, 1533; Cali eta Popayan, 1536). Garai hartakoak dira El Dorado lurralde ustez aberatsaren lehen berriak. 1536an, Gonzalo Jiménez de Quesadaren gidaritzapean, El Dorado aurkitzeko espedizioa antolatu zen; 1538an, gudaroste urri batekin lurralde zabal bat hartu eta Santa Fe de Bogota hiria sortu zuen txibtxa indiarren hiriburuaren ondoan, eta Granada Berria izena jarri zion lurraldeari. Han elkartu ziren Venezuelatik eta Ekuadorretik sartu ziren beste bi espedizio, eta Granada Berriaren gobernua (audiencia) antolatu zuten (1550). XVI. mendearen bukaeran, kolonoen gehiegikeriak eta gaixotasunak sortutako izurriteak zirela eta, biztanleria asko urritu zen; denbora gutxiren buruan hango kultura moldeak erabat aldatu ziren: erlijio katolikoa ezarri zen, bertako hizkuntzak galdu ziren, arrazak nahastu ziren, eta Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako.  v  Granada Berriko erreinuordea. Granada Berria Peruko erreinuordearen administrazioaren mendean egon zen harik eta 1740an Granada Berriko Erreinuordea sortu zen arte (1717-1723 bitarteko aldi laburraren ondoren). Erreinuordeak gaur egungo Kolonbia, Ekuador, Panama eta Venezuelako lurraldeak hartzen zituen. XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen hasierako gertaera batzuek burujabetasuna lortzera bultzatu zituen bertan jaiotako espainiarren ondorengoak (kriolloak); arrazoi horien artean hauek aipa daitezke: zergen igoera eta horrek ekarri zituen matxinadak, bertako kulturaren garapena, Frantziako Iraultzaren ideien zabaltzea eta Espainiako Independentzia gerra.  v  Independentzia. 1810ean hasi zen independentzia lortzeko ahalegina Granada Berriko Erreinuko Batzorde Gorena sortu eta erregeordea kargutik kendu zutenean. 1813an Granada Berriko Probintzia Batuen askatasun osoa onartu zen. Hala ere abertzaleak ez zetozen denak bat; izan ere, mendeetako bakartasunaren ondoren hiri eta probintzia bakoitzak bere ezaugarriak zituen, eta gerra zibila piztu zen zentralisten (kontserbadoreak) eta federalisten (liberalak) artean. Hala, Probintzia Batuetan giro nahasia bizi zen bitartean, Fernando VII.a Espainiako erregeak gudarostea bidali zuen eta, zapalkuntza latz baten ondoren, Bogotara iritsi eta erreinuordea ezarri zuen berriro lurraldean (1816). Baina Simon Bolivarrek abertzale guztien indarrak bildu eta erregearen gudarostea menderatu zuen Boyaca-n, 1819ko abuztuaren 7an; bi egun geroago hiriburuan sartu zen eta abenduaren 17an Kolonbia Handiko Errepublika onartu zen. Kolonbia Handiak Granada Berria, Venezuela, Panama (1821az gero) eta Ekuador (1822az gero) hartzen zituen.  v  Bolivar izan zen lehen lehendakaria, baina Perura jo zuen bere gudarostearekin eta Santanderren eskuetan utzi zuen aginpidea. 1826an espainiarrak kontinentetik egotzi ondoren Bogotara itzuli zenean, Bolivarren zentralismoa eta Santaderren federalismoa aurrez aurre topatu ziren. Bolivarrek diktadore baten ahalmena eskuratu zuen, baina kargua utzi behar izan zuen 1830ean. Hilabete gutxiren buruan Kolonbia Handia hiru estatu independentetan banatu zen: Venezuela, Ekuador eta Granada Berriko Errepublika (gaur egungo Kolonbia eta Panama).  v  Kontserbadoreak eta liberalak. Independentziaz geroztik Kolonbiako historia kontserbadoreen eta liberalen arteko lehia gogorraren mendean izan da, eta aginpidea eskuratzeko lehia horrek gobernu aldaketa ugari eta, askotan, gerra zibilak ekarri ditu. Kontserbadoreak zentralistak eta klerikalak ziren, eta elizaren pribilejioak gordetzearen aldeko; liberalak, aldiz, federalistak eta antiklerikalak ziren, erlijio askatasunaren aldekoak.  v  XIX. mendean, urte gutxitan, behin baino gehiagotan aldatu zen estatuaren egitura politikoa: 1858an Granadako Konfederazioa, 1861ean Kolonbiako Estatu Batuak eta 1886an, azkenik, Kolonbiako Errepublika. 1894tik 1903ra bitarteko gerra zibila (Mila Eguneko Gerra) lazgarria izan zen, eta herria ahitua utzi zuen. 1914an Kolonbiak Panamaren independentzia onartu zuen eta 25 milioi pesotako saria jaso zuen, haren ordainez, Estatu Batuetatik. 1953an Gustavo Rojas jeneralak estatu kolpea jo zuen. 1958an, Sitgeseko Itunean, hurrengo lau agintalditan (16 urte) lehendakaritza txandakatzea eta gobernua kontserbadoreen eta liberalen artean banatzea hitzartu zuten bi taldeek, Fronte Nazionala eratuz. 1960. urteetan gerrillari taldeak sortu ziren. 1974ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen eta liberalak izan ziren garaile. XX. mendearen bukaera, gerrillarien eta gobernuaren arteko negoziaketak, su-etenak eta amnistiak gorabehera, gerra giroan bizi izan da; bestalde kokainaren trafikoaren aurkako neurriek gerra ekarri dute gobernuaren eta kokaina merkatarien artean. 1982an Belisario Betancur kontserbadoreak lortu zuen lehendakaritza, eta su-etenak izenpetu baziren ere, gudarostearen eta M-19 gerrillari taldearen artean gudu latzak izan ziren; hurrengo agintaldian, Virgilio Barcoren lehendakaritzapean, gerrillari talde gehienak Simon Bolivar batasunean bildu ziren. 1989an M-19ak armak utzi eta hurrengo urteko hauteskundeetan parte hartu zuen; halaber batasun horretako gerrillari talde gehienek bide berbera hartzea lortu zuen. 1990eko hauteskundeetan Gaviria liberala izan zen garaile eta liberalek, kontserbadoreek, M-19 taldeak eta independenteek parte hartzen zuten gobernu bat antolatu zuen. Kolonbiaren azken hamarraldietako historia politikoan liberalen eta kontserbadoreen arteko lehia izan da ezaugarri nagusietako bat, narkotrafikoaren arazoarekin eta gerrillen jarduerarekin batera. Liberalen ahalegina elizaren eta estatuaren arteko loturak desegitera (nahiz eta bi alderdiek onartzen duten Kolonbiako egoera nahasia eta indarkeria konpontzeko zeregin garrantzitsua duela eliza katolikoak) eta lekuan lekuko gobernu lokalak indartzera bideratuta egon da; kontserbadoreen helburuak, berriz, aginpide zentrala indartzea eta elizarekiko loturak estutzea izan dira. Dena dela, 1958. urtean ondorengo lau agintaldietarako Fronte Nazionala osatu zuten bi alderdiek, gainerako alderdiak legez kanpo utzita, eta aginpidean txandaka jardutea erabaki zuten. 1974ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen, hautesleen konfiantza berreskuratzearren. Liberalak izan ziren garaile, eta haiek izan ziren agintari 1980ko hamarraldia arte. Tarte horretan izugarri areagotu zen gerrillen jarduera eta haien kontrako zapalkuntza. 1982an kontserbadoreek berreskuratu zuten aginpidea (Betancur); bakearen aldeko eta narkotrafikoaren kontrako politika egin zuen (su-etena sinatu zuen M-19, FARC eta ELN gerrillekin, besteak beste) eta urrats garrantzitsuak egin zituen bai nazioarteko politikan eta bai politika sozialean. Baina neurri haietako batzuek huts egin zuten (gerrilla batzuek berriro ekin zioten borrokari), eta 1986an eta 1990ean liberalek irabazi zuten. 1989an droga trafikatzaileen aurkako neurriak hartu zituen gobernu liberalak, eta drogaren mafien erantzun gisa, zenbait hilketa gertatu ziren, besteak beste Luis Carlos Galán lehendakaritzarako hautagai liberalarena. Larrialdi egoera aldarrikatu zen, eta gobernuak hainbat trafikatzaile estraditatu zituen Estatu Batuetara, egoera baretzearren. Harrezkero ere etengabeak izan dira liskarrak; gobernuak neurriak hartu orduko drogaren kartelek indarkeriaz erantzuten zuten. 1990ean hitzarmen bat sinatu zuten Peruk, Kolonbiak eta Nikaraguak, kokainaren hiru ekoizle nagusiek, eta Estatu Batuek, kokaina kontsumitzaile handienak, Estatu Batuetatik laguntza ekonomikoa eta militarra jasotzearen truke droga trafikoari aurre egiteko. Bestalde, César Gaviria Trujillo lehendakari liberalak (1990) konstituzioa eraberritu zuen 1991n eta garrantzizko aldaketak sartu zituen. Droga trafikatzaileekiko liskarrak baretzeko neurriak ere hartu zituen, eta egoera orokorrak hobera egin zuen; arazo nagusiak, sakonean, konpondu gabe zeuden, ordea, azken urteotan ikusi denez. 1994ko hauteskundeetan Ernesto Samper liberala atera zen lehendakari, baina agintaldi oso nahasia eta ustela izan zen, hauteskunde kanpainarako kolonbiar narkotrafikoaren laguntza jaso zuelako salatu baitzuten, Caliko kartelarena hain zuzen, Pastrana kontserbadorea bezalaxe. Horrez gainera, eta egoera lasaitzeko berriro ere larrialdi egoera ezarri zen arren, ez zen bakerik lortzen gerrillekin (ez FARCekin eta ez ELNrekin) eta erabateko gerra sortu zen gerrillen eta talde paramilitarren artean: 1997ko datuen arabera, milioi bat kolonbiar inguru zegoen beren etxeetatik alde eginda, talde paramilitarren ekintzen beldur zirelako batez ere, eta gobernuaren arabera, gerrillek 750 milioi dolar garbi eskuratzen dituzte urtean (kafeak ematen duen dirua baino gehiago, baina Medellin eta Cali kartelena baino gutxiago betiere). 1998ko hauteskundeetan Indar Demokratiko Berria alderdi kontserbadoreko Andrés Pastrana Arango hautatu zuten lehendakari, eta horrela eman zitzaion amaiera liberalen 12 urteko agintaldiari. Pastranak gerrillarekin indarkeriaren amaiera hitzartuko zuela agindu zuen, eta estatuko erakundeak berritzeko hitza ere eman zuen. Bake elkarrizketak hasi ziren, baina 1999an une zailak bizi izan ziren, gerrillak talde paramilitarrak desegitea eskatu baitzion gobernuari. Azken urteen laburpen gisa, eta gerrillaren eta gobernuaren arteko negoziaketak, su-etenak eta amnistiak gorabehera, Kolonbia gerra giroan bizi izan dela esan liteke; ez soilik gerrillarekiko gorabeherengatik, baita kokainaren trafikoaren aurkako neurriek gerra sortu dutelako gobernuaren eta kokaina merkatarien artean ere. Aipatzekoak dira, orobat, Kolonbiaren arazoen artean, hondamen naturalek tarteka eragin ohi dituzten kalteak, eta horien artean 1999an Armeniako lurraldean 1.500 lagun hil eta 150.000 etxerik gabe utzi zituen lurrikara handia. 2002an bukatu zen Pastranak FARC gerrillarekin abian jarritako bake prozesua, eta urte horretan bertan Álvaro Uribe izendatu zuten lehendakari. 2006ko hauteskundeetan ere Uribe izan zen irabazlea eta ezkerreko Polo Democrático Alternativo nagusitu zitzaion oposizioan alderdi liberalari. Uribek erreforma ekonomiko batzuk egin zituen eta gogor egin zion aurre gerrillari, baina eskuineko taldeetako paramilitarrekin harreman estua izatea egotzi zioten. 2006an, gobernuko eta legebiltzarreko goi mailako hainbat kideren eta paramilitarren arteko lotura aurkitu izanak eskandalu handia sortu eta auzibidea zabaldu zuen. 2008an, armadak hainbat operazio gogor egin zituen FARCeko gerrillaren aurka, eta hainbat bahitu erreskatatu zituen, haien artean, Ingrid Betancourt lehendakarigai ohia. Urte horretan, manifestazio jendetsuak izan ziren FARCen kontra.
http://web.presidencia.gov.co/