Kolonia
(Al. Köln). Alemaniako mendebaleko hiria eta ibai-portu nagusia, Rhin ibaiaren ertzean (Ipar Rhenania-Westfalia), Bonn-go hiriaren iparraldean. 922.000 biztanle. Rhin eskualdeko ekonomia eta kultura hiri nagusia da. Komunikabide sare garrantzitsu batek lotzen du Kolonia Alemaniako hiri eta eskualde nagusiekin (Paris-Berlin burdinbidea, errepideak, aireportua eta Rhin ibaiaren bidezko garraioak). Alemaniako mendebaleko ibai-portu nagusia da eta batez beste 9 milioi tona irten-ateratzen da urtero bertako portutik. Oso garrantzitsua da industria: altzairugintza, automobilgintza, nekazaritzarako makineria, kimika eta janari industria, petrolio findegiak, papergintza eta larrugintza. Merkataritza eta finantza hiri garrantzitsua da orobat. Bigarren Mundu Gerra garaian hiriaren parte bat suntsitu bazen ere, ondo kontserbatu ditu antzinako monumentuak. Aipagarriak dira, besteak beste, XIII. mendeko katedral gotikoa, XI. mendeko Santa Maria Kapitolioko eliza erromanikoa, San Martin eliza erromanikoa, XII. mendeko San Kuniberto eliza, San Jeronimo eliza (hilerri erromaniko baten gainean IX. mendean eraikia), Apostolu Santuen eliza (XI-XIII. m.), San Seberino eliza (XI-XIII. m.), museoak, unibertsitatearen egoitzak (XIV. mendean sortutako unibertsitatea) eta musikako kontserbatorioa. v Historia. Germaniako hiri erromatar nagusienetako bat izan zen Kolonia. K.o. 49. urtean Colonia Agrippinensis izena hartu zuen, Agripina Klaudio enperadorearen emaztearen ohoretan, eta Germania Behereko hiriburu bihurtu zen Neronen ondotik. 462an frankoek hartu zuten hiria eta 785ean artzapezpikutegia sortu zuten. Germaniako inperioko hiri bihurtu zen XIII. mendean eta, Hansari loturik, arteak eta kulturak garrantzi handia izan zuten Erdi Aroan. Halaz ere, gatazka latzak izan ziren mendeetan zehar Koloniako burgesiaren eta artzapezpiku-hauteslearen artean (Worringengo gudua, 1288; Koloniako gerra, 1582-1584). 1794an oste frantsesek hartu zuten Kolonia eta 1815ean Prusiako erreinuaren barnean geratu zen. Bigarren Mundu Gerran, aliatuen bonbardaketek ia erabat suntsitu zuten Koloniako hiria (1942-1945).