Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

koloide

izond. Kim. Fis. Kristaltzen ez diren gaiez esaten da (silizea, albumina, dextrina, kola, goma, etab.). Koloideen soluzioak ez dira mintz organiko batetik barreiatzen, kristaloideak bezala. Soluzio horietan, gaien partikulak suspentsioan daude, eta Brown-en higidurak eragiten ditu. Partikulek 10-9 eta 10-5 m-ko neurria izaten dute, eta gainera karga elektriko positiboak eta negatiboak dituztenez, eroankortasun elektrikoa dute eta elektrikoki neutraltzeko ahalmena. Ondorioz koagulatu eta prezipitatu egiten dira. Hainbat koloide mota daude. Soluzioan dagoen koloidea sol deritza (hidrosol uretan bada); koloide prezipitatu bat gel deritza (hidrogel uretan bada).  v  Koloide babeslea. Molekula pisu handia duen polimeroa; partikulek koloideen neurria dute, proteina bat edo goma bat adibidez. Berez ager daitezke esnean, latexean eta antzeko gaietan, edo nahasketetan erants daitezke, koipe partikulen edo beste gai barreiatu baten koagulazioa edo koaleszentzia eragozteko. Koloide babesleak emultsio eragile gisa ere aritzen dira. Horietakoak dira adibidez; latex hidrokarburoen partikulen gaineko proteina estaldura mehea, Brown-en mugimenduaren ondorioz sortutako kolpetik, elkar ez daitezen, babesten dituena eta gelatina, alginato sodikoa edo arabiar goma, izozki, gozo eta beste elikagaiei eransten zaiena, nahasketa leun biguna lortzeko.  v  Koloideen kimika. Milimikroi batetik mikroi batera bitarteko neurria (batez besteko molekula baten gutxi gorabeherako neurria) duten gaietan gertatzen diren gertakarien azterketa. Molekula neurrien eta mikroskopio batean ikus daitezkeen partikulen artean dagoen neurriarekin zerikusia du, beraz. Koloideen kimikan adierazgarriagoa da, beraz, neurria, gaiaren izaera bera baino.  v  Koloide egoera. Gorputz bat oso zatikatua eta beste gorputz batean suspentsioan dagoenean duen egoera. Koloideak sistema barreiatu modura agertzen dira, alegia, partikulak suspentsioan dituen ingurune jarraitu barreiatzaile bat dira.