Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kiangsu

edo Jiangsu. Txinako ekialdeko probintzia, Itsaso Horiaren ertzean dagoena. 10.600 km2. 61.710.000 biztanle (1985). Hiriburua: Nankin. Mugak: iparraldean Shantung probintzia, ekialdean Itsaso Horia, hegoaldean Txekian probintzia, mendebalean Anhwei probintzia. Jalkin ordokia da, Yangtze ibaiaren bokaleak bitan banatzen duena. Yangtze ibaiaren alde biak ibaiadarrez eta ubidez gurutzatuta daude. Itsasaldea ontziz ibiltzeko zaila da, oso kostalde laua delako eta itsasoan ere oso sakontasun gutxira hare sail handiak daudelako. Hegoaldeko klima epela da; iparraldean neguak lehorragoak eta hotzagoak dira. Hiri handiena Nankin da, ondoren Su-txou, Hsu-txou, Wu-hsi, Nan-tung, Lien-yun-kang eta Txen-txiang. Nekazaritzak berebiziko garrantzia du, mendirik eta basamorturik ez dagoenez, lurraldearen gehiena nekazaritzarako egokia delako. Iparraldean garia ereiten da; hegoaldean arroza batez ere, oinarrizko labore gisa. Horrez gainera, batatak, artoak eta basartoak ere garrantzi handia dute. Meatze gutxi dago, ikatza besterik ez ia. Industriak hazkunde handia izan du, Nankin inguruan gehienbat: altzairua, kamioiak, kimika gaiak, eraikuntza gaiak. Shangaik –Kiangsu probintziaren hegoaldeko mugan– eragin handia du probintzia honetako merkataritzan.  v  Historia. Kiangsu-ri buruzko lehen datuen arabera Wu-ko estatuaren zatia zen. Sei dinastiaren garaian (220-589), eta geroago hegoaldeko Sung dinastiarenean ere (1127-1279) urrezko aroak bizi izan zituen Kiangsuk; iparraldeko etorkin olde handiak hartu zituen. Ming dinastiarekin, Nankin hiria inperioaren hiriburua zen. 1667an Kiangsu probintzia berezi bihurtu zen. XIX. mendeko opioaren gerren ondoren nazioarteko merkataritzak leku handia hartu zuen probintzia honetan.