Khosro
Persiako bi errege sasandarren izena. v Khosro I.a. Sasandarren inperioko enperadorea 531-579 bitartean. Administrazioa eta burokrazia eraberritu zituen. Erregearen aginpidearen deszentralizazioa eragotzi eta jaun feudalen ordez behe mailako noblezia indartu zuen. Inperioaren mugetako etsaiei eraso zien: Kaukasoko herriei, Bizantziori, estepako herriei eta arabiarrei. 540an Antiokia konkistatu zuen; hango jakintsu asko Ktesifontera eraman zituen. 555ean Bizantziorekin bake hitzarmena sinatu zuen, eta 562an bakea: bake horren ordainez Justiniano Bizantzioko enperadoreak zergak ordaindu behar zizkion, eta Kosro I.ak erlijio askatasuna eman zien bere mendeko lurraldeetako kristauei. Kulturaren bultzatzaile izan zen; 529an Atenasko Akademia itxi zenean, hango jakintsu askok Ktesinfonten aurkitu zuten babesa, era horretara Greziako jakintza tradizioarekin lotzen zela. Sanskritozko liburuak erosi eta persierara itzultzeko ahaleginak bultzatu zituen. Gondeshapur-eko medikuntza eskola Kosro I.aren garaian eratu zen. v Khosro II.a. Persiako errege sasandarra 590-628 bitartean. Bizantzioko Maurizio enperadorearen laguntzari esker lortu zuen erregetza. Laguntza horren truke zenbait lurralde Bizantzioren esku utzi behar izan zituen. Maurizio enperadorea hil zutenean, eta haren lekua Fokas enperadoreak hartu zuenean, Khosro II.ak Bizantzioko inperioa inbaditu zuen (Siria, Anatolia), Kaltzedoniaraino iritsi zen eta Jerusalem eta Egipto konkistatu zituen. Baina 622tik aurrera atzera egin behar izan zuen, Heraklioren konkistek eraginik. Ninibeko guduaren ondoren (628), iraultza bat izan zen gortean; Khosro II.a epaitu eta hiltzera kondenatu zuten. Bere seme Kavadh II.ak bakea sinatu zuen.