Khomeini, Ruhola
(Ruhola Musawi jaiotza izenez). Irango politikaria eta bertako xiien buruzagia (Khomein, Irango erdialdea, 1900 - Teheran, 1989). Arak, Isfahan eta Qum hirietako erlijio eskoletan ikasketak egin eta ulema egin zen 27 urte zituela. Ridä khan sha-rekin istilu politikoak izan zituen 1941ean eta Musaddaq buruzagiaren alde agertu zen 1953an. Atxilotuta egon ondoren askatu zutenean, 1964an, berriro aurre egin zion shari. Turkiara erbesteratu zuten horren ondorioz. Handik Iraken dagoen al-Nayaf hiri santura joan zen 1978. urtea arte. Khomeiniren mezua indar handiz zabaltzen hasi zenez, hango gobernuak Frantziara bidaltzea erabaki zuen. Hala ere, Frantziatik gidatu zituen sharen aurkako ekintzak eta atzerrira ihes egin behar izan zuen shak. Orduan itzuli zen Khomeini Iranera (1979). Bazarganen agindupean egon zen gobernua osatu zuen, iraultzaren buruzagia izan zen eta errepublika musulmana ezarri zuen. Aginpide handia eman zion honek eta neurri latzak ezartzeko aukera ere bai (jendea fusilatu, Estatu Batuetako jatorriko pertsonak bahitu, etab.). Erlijio burua izan zen eta bere esku izan zuen Irango politika.