Kaspiar Itsasoa
Munduko lur barreneko itsasorik handiena, Asia eta Europa artean, Kaukaso mendien iparraldean dagoena. 371.000 km2 ditu (1.200 km luze, eta 320 km zabal), eta itsas maila baino 26 m beherago dago. Sakontasun handiena 995 m-takoa du. Mugak: ipar-ekialdean Khazakhstan, ekialdean Turkmenistan, hegoaldean Iran, mendebalean Azerbaijan eta Errusia. Iparraldeko eta ekialdeko ertzak apalak dira; hegoaldekoak eta mendebalekoak berriz garaiak eta labartsuak. Volga, Ural eta Terek ibaiek ematen diote ura. Klimak alde handiak ditu iparraldetik hegoaldera, eta gatzaren batez bestekoa ere oso desberdina da ibai handien bokalean izan (Volgarenean batez ere) ala haietatik urruti. Ekonomiari dagokionez, garrantzi handia dute petrolio hobiek eta nekazaritzak. Itsasoak berak garrantzi handia du, orobat, inguruko herrialdeen arteko merkatari bide gisa.
- kasko
- kaskodun
- kaskutsik
- Kasmki, Gata
- Kasparov, Gary
- Kaspiar Itsasoa
- Kassel
- Kassem, Abdul Karim
- kassita
- kasta
- kastainola