Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karolingio

izond. Hist. Europako Sartaldean 750-887 bitartean aginpidean egon zen familia edo dinastia frankoaz, dinastia horretako kideez, eta garai horretako arteaz esaten da. Hitza bera dinastia horretako kide asko Carolus (Karlos) deitu izanetik dator.  v  Karolingioak Austrasiako erresuma frankoko herentzia bidezko nagusi gisa iritsi ziren aginpidera. Pepin II.a Herstal-ekoak, 679an errege jauregiko nagusi eginik, titulu huts bihurtu zituen errege merobingioen aginpideak. Haren seme Karlos Martel 725 ingurutik frankoen buruzagi nagusi zen, errege merobingioen gobernu itxura gordetzen jarraitzen bazuen ere. Teodoriko IV.a errege merobingioa 737an ondorengorik gabe hil zelarik, Karlos Martelen bi semeen (Pepin III.a eta Karloman) artean banatu zen erresumako aginpidea. Pepin III.ak erresuma guztia beretu zuen eta Txilderiko azken errege merobingioa 750ean erregetzatik kendurik, berak hartu zuen errege titulua. Pepin III.aren seme Karlomagnok Galia osora, Alemaniako zati batera eta Italiara zabaldu zuen frankoen erresuma; bohemiarrak, abaroak, serbioak, kroatak eta Europa ekialdeko beste zenbait herri bere zergadun egin zituen. 774an Aita Santuarekin hitzarmena sinatu eta Italiako Aita Santuaren estatuak sortu zituen. 800. urteko Gabon egunez Leon III.a Aita Santuak Erromako Inperio berrituaren enperadore kontsakratu zuen. Karlomagnoren seme bakarra, Luis Urrikaltsua, hiltzean, ordea, haren hiru semeen artean banatu zen erresuma, frankoen legearen arabera. Ondorengo zatiketen ondorioz, eta normandoen eta saxoniarren inbasioen eraginez, karolingioen aginpidea arras galdu zen.  v  Arte karolingioa. Karlomagnoren erreinaldian eta geroztik IX. mendean egin zen arte klasikoa. Karlomagnok alde batetik berriro Erromako Sartaldeko Inperioa zutitzeko zuen asmoak eragin handia izan zuen, politikan bezala, artean ere, enperadoreak berak zaintzen baitzituen obrak eta planoak. Erromako Inperioaren azken aldiko arkitekturak eragin zuzena izan zuen arte karolingioan. Orobat Bizantzioko Inperioko arteak ere. Horren guztiaren ondorioz, Europako Erdi Aroko lehenengo arte eredu osatua eratu zuen arte karolingioak. Arte adierazpen guztietan, eraikuntza da aipagarriena: arkitektura eredu germanikoari jarraituz, zurezko eraikuntzak egin ordez, nahiago izan zen Erromako Inperioko basilikaren ereduari jarraituz harlandua erabili. Aipatzekoak dira Aachengo Jauregiko kapera, Fuldako monasterioko kapera, Saint-Germain-des-Prés. Eskulturari dagokionez, berriz, oso urria da, erromaniko-aurre guztian bezala, eskultura desagertu egin baitzen ia. Pinturari dagokionez, garai hartan eliza karolingioak margotuak baziren ere, haietako ia pintura guztiak galdu dira. Liburu apainketako miniaturek, berriz, leku berezia izan zuten Sankt Gall-eko eta Tourseko monasterioetan.