Karolina uharteak
Itsaso Barearen mendebaleko uhartedia, Yap, Pohnpei, Truk, Kosrae, Babelthuap eta Ulithi uharteek osatua. Mikronesiako Estatu Federatuak eta Palauko Errepublikako uharteak hartzen ditu. Bi eratako uharteak dira: ekialdekoak itsaspeko sumendi izanen gainean eratutako koral uharteak dira; mendebalekoak, berriz, Lurraren azalaren goragune batek eratuak dira. Bai batzuk bai besteak itsas mailatik 150 m inguru ateratzen dira. Klima tropikala da (26 °C-28 °C bitartekoa). Euria, urtean 4.570 mm ingurukoa izaten da. Urtean 20 tifoi inguru izaten dira. XVI. mendean espainiarrek aurkitu zituzten Karolina uharteak, baina ez zituzten kolonizatu XIX. mendea arte. Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerraren ondoren (1898) Alemaniari saldu zizkion Espainiak. XX. mendean garrantzi handia izan dute estrategia militarrean: Japoniak gotorleku handiak eraiki zituen Bigarren Mundu Gerraren garaian. Gerraren ondoren Estatu Batuen babespean egon dira 1986ra arte. Ekonomiaren oinarri nagusiak kopra esportazioa eta turismoa dira.