Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karbono

iz. Gai bakuna, ez metala, gotorra, izadian kristal egituretan, nahiz formagabe gertatzen dena (C).  v  Karbonoaren zikloa. Biokim. Bi prozesu desberdinei dagokie izen hori. Lehenbizikoa, Eguzkian eta beste izar batzuetan gertatzen da: karbonoa da Eguzkiaren energia eragiten duen erreakzio termonuklearraren (hidrogenozko lau nukleo dituen helioa eratzen duena) katalizatzailea. Karbonoa ez da aldatzen prozesu osoan zehar. Bigarren prozesuan, gizakiak eta animaliek, elikaduraren bidez hartzen duten karbonoa, metabolizatu egiten dute eta karbono anhidrido bilakatzen. Karbono anhidridoa kanporatu egiten da arnasketaren ondorioz. Bestalde, hildako animaliek eta landareek karbonoa sartzen dute lurrean, eta han, bakterien eta onddoen eraginez, karbono anhidridoa eratzen da. Lurreko karbono anhidrido zati bat airera igarotzen da eta beste zati bat bertan geratzen da, karbonato eta bikarbonato eran. Landareek, azkenean, zikloa ixten dute lurreko karbonoa hartuz eta, batez ere, eguratseko karbono anhidridoa eta lurreko ura hartuta, fotosintesiaren bitartez, glukosa eta oxigenoa sortuz (ik. fotosintesi).  v  Karbono dioxidoa edo karbono anhidridoa. Eguratsean (% 0,04) eta sumendietatik ateratzen diren gasetan aurkitzen den gasa (CO2). Azken ikerketen arabera, eguratseko karbono dioxidoa oso bizkor ugaritu da. Geosfera-Biosfera Nazioarteko Programako zientzialariek diotenaren arabera, neurri gogorrak hartu behar dira gai horren inguruan. 2000. urteko urriko Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek adierazten duenez azken 200 urteetan gizakiek nabarmen aldatu dute karbonoaren ziklo orokorra. Falkowskik, beste egile batzuekin batera, Nazio Batuen Erakundearen agiria landu du. Agiri horretan aztertzen da zenbateko eragina izan duten gizakiaren jarduerek eguratseko karbono dioxidoan gertatu diren aldaketetan. Zientzialari talde horrek prozesu biogeokimikoetan eta klimatologikoetan izan diren aldaketak aztertu ditu, eta baita karbonoaren eta elikagaien zikloetan izan diren aldaketak ere. Aurrez aurre jarriz gero gaur egungo prozesuak batetik eta bestetik Iraultza industrialaren aurreko 420.000 urteak, zientzialariek ikusi zuten lurraren historiaren beste edozein garaitan baino 10 edo 100 aldiz bizkorrago hazi direla CO2 mailak.  v  Karbono disulfuroa. Isurkari hori astuna, usain txarrekoa. Igurtziz sortzen den beroa nahikoa da karbono disulfuroa irazekitzeko, eta, ontzi itxi batean egonez gero, oso erraz lehertzen da. Ateratzen duen kea pozoitsua da. Gai organikoak (zelulosa, goma, argizaria, eta.) urtzeko erabiltzen da eta, baita karbono tetrakloruroa egiteko ere.  v  Karbono isotopoak. Karbonoak sei isotopo ditu, eta horietatik lau dira erradioaktiboak (C10, C11 eta C14). Isotopo garrantzitsuena karbono hamalau izenekoa da (C14), biokimikazko ikerketetan eta, oso iraupen luzekoa denez (5.100 urte inguru), arkeologian –antzinako gauzakien adina zehazteko– erabiltzen dena.  v  Karbono monoxidoa. Karbonoa oxigeno gutxiko eguratsean errez gero sortzen den gas usainik eta kolorerik gabea (CO). Oso pozoitsua da (hemoglobinari erasotzen dionean karboxihemoglobina sortzen du). Karbono monoxidoa zenbait gasen osagarria da: ur–gasa (CO eta hidrogeno nahastura, erregai gisa erabiltzen dena), argi–gasa (hidrogeno, metano eta beste hainbat gasekin batera), aire–gasa (nitrogenoarekin batera).  v  Karbono tetrakloruroa. Isurkari astuna, usain gozo oso berezkoa duena (CCl4). Kloratutako hidrokarburoen multzokoa da. Olio astunak, gomak eta koipeak urtzeko erabiltzen da, eta, baita metalezko gainazalak garbitzeko ere. Pozoitsua eta narkotikoa da.