Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kalifornia

Estatu Batuetako hego-mendebaleko estatua, Itsaso Barearen ertzean. Mugak: Mexiko hegoaldean, Oregon iparraldean, Nevada eta Arizona ekialdean. 411.047 km2 eta 30.380.000 biztanle (1991). Hiriburua: Sacramento. Hiri nagusiak: Anaheim, Berkeley, Fresno, Glendale, Long Beach, Los Angeles, Oakland, Pasadena, San Bernardino, San Diego, San Francisco, San Jose, Santa Anna, Santa Monica, Stockton eta Torrance.  v  Orografia eta klima. Hiru lurralde handi bereizten dira Kalifornian: Ibar Handia, jalkinez eta alubioiez betetako sakonunea; ekialdean Sierra Nevadako mendiak (Whitney, 4.418 m); mendebalean Itsasertzeko mendikatea, 1.600-2.000 m-ko mendi paraleloekin. San Andresko failak gurutzatzen du lurraldea ipar-ekialdetik hego-ekialdera, eta horren ondorioz Kalifornia da lurrikara handiak izateko munduan arrisku biziena duen lurraldea; nolanahi ere, ez dirudi arrisku horrek oraingoz mugatu duenik ez hirien ez ekonomiaren hazkundea. Klima Mediterraneokoa da, gozoa eta epela.  v  Klimaren gozotasunak, ibarreko lurren emankortasunak eta ur hornidura sistema modernoek Kalifornia munduko fruitu ekoizle nagusietako bat egin dute. Mahastiek, kotoiak eta lekariek ere garrantzi handia dute. Urre ekoizpenak behera egin du hobiak ahitu baitira, baina petrolioaren eta gas naturalaren aurkikuntzak industriaren garapena bideratu dute; hiri handien inguruan daude lantegiak (elektronika, kimika eta hegazkin industria). Kaliforniako zinema industria munduko handiena eta sendoena da (Hollywood). Industriaren garapenaren ondorioz zientzia eta teknika ikerketagune ugari sortu dira, bai kapital pribatukoak, bai publikokoak.  v  Historia. Mexikok Guadalupe Higaldo itunaren bidez (1848) Kalifornia Garaia Estatu Batuei eman zien. 1850etik aurrera Estatu Batuetako parte bihurtu zen, estatu moduan. Itun hori izenpetu baino astebete lehenago urrea aurkitu zen, eta abenturazale asko erakarri zuen aurkikuntza hark. Kalifornia munduko bigarren bihurtu zen urrearen ekoizpenean (100 tona urteko). Burdinbideak bigarren emigrante oldea ekarri zuen, txinatarrak eta japoniarrak batez ere. Urre meatzeak agortu zirenean, Lehen Mundu Gerraren bukaera aldean, hasi zen nekazaritza eta industria iraultza.