Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kaligrafia

iz. Idazteko antzea.  v  Ekialdean antzinatik txit aintzat harturiko antzea izan da. Txinan eta Txinaren eragina duten idazketa sistemetan kaligrafia pinturaren eta eskulturaren parekotzat hartu izan da. Herrialde musulmanetan, Koran liburu sakratua kopiatu beharrak itzal handia eman zion kaligrafiari eta bide horretatik arte mailara iritsi zen. Mendebalean, greziarren artean idazketa silabikoa K.a. VIII. mende inguruan agertu zen. Bizantzion erabili zen lehen aldiz letra xehea. Erdi Aroan eta lehen Errenazimentuan kaligrafia monasterioetako kopiatzaileen lanari esker garatu zen batez ere. XVI. mendeaz gero, inprentaren hedapenak kopiatzaileen lana murriztu zuen eta kaligrafia gehiegizko apaingarriz hornitu zen ondoko 300 urteetan. XIX. mendearen amaierarekin kaligrafiaren tradiziozko formen errenazimentua etorri zen.  v  Pedagogiaren alorrean kaligrafiak garrantzi handia izan badu ere garai guztietan, haren irakaskuntza galduz joan da gure egunotan ikasleen artean hain zabaldua den boligrafoa sartu den ahala.  v  XVI. mendean Juan de Iciar kaligrafo durangarra nabarmendu zen antze honetan Espainian eta Europan.