Joffé, Roland
Britainiar zinema zuzendaria (Kensington, 1945). Ingelesean eta antzerkian lizentziatu zen Manchesterreko Unibertsitatean. National Theatreko zuzendari izan zen bost urtez, Sir Lawrence Olivierren ardurapean. Gero BBC-rentzat aritu zen lanean, eta kalitatezko telesailak (The Stars Look Down) eta dokumentalak egin zituen. Isileko garrasiak (1984) izan zen bere lehen filma, Kanbodiako Gerra Zibilaren berri ematen ari zen New York Times-eko kazetariaren historia. The Mission (1986, Misioa) filmari esker egin zen ospetsu, film gehiago ere egin arren, hori izan baitzen arrakastatsuena. Bertan, bizitzaren zentzua heriotza heroikoan aurkitzen duten jesuita baten eta gizon oinazetu baten epopeia kontatu zuen. Ennio Morriconek egin zuen musika eta Robert de Niro eta Jeremy Irons izan ziren antzezle nagusiak. Itzalen sortzaileak (1989), bonba atomikoari buruzko filmak, nahiz eta antzezle ospetsuek interpretatua izan –Paul Newmanek, besteak beste–, ez zuen arrakastarik izan, gaia oraindik korapilatsuegia zelako. Dominique Lapierren izen bereko nobelan oinarritutako Pozaren hiria filmaren zuzendari eta ekoizle izan zen. Jofféren filmen oinarria bidegabekeriaren salaketa da, ikuspegi erromantiko eta abenturazale batetik begiratua betiere.