Jobim, Antonio Carlos
Brasildar musikagile eta piano-jotzailea (Tijuca, Rio de Janeiro, 1927 - New York, 1994). “Garota de Ipanema” da bere kanturik ezagunena, Vinicius de Moraesekin eta Joao Gilbertorekin batera egina. Brasilgo musika herrikoiaren bultzatzaileetako bat izan zen, bai bere herrian bai kanpoan, Bossa Nova delakoarena bereziki. 1956an ezagutu zuen Vinicius de Moraes, zenbait poemarentzako musika idazteko enkargua egin zionean, eta bien elkarlanak urte askoz iraun zuen. 1957an Canneseko zinema jaialdian saritua izan zen Orfeu negro filmarentzat egin zuen “A Felicidade” abestiak arrakasta handia izan zuen munduan zehar. Brasilgo artista handienekin aritu zen elkarlanean, besteak beste, Aloisio de Oliveirarekin, Luis Bonfarekin, Marino Pintorekin, Chico Buarquerekin, Ray Gilbertekin eta Robert Mazoierrekin. Bossa Nova-k arrakasta handia izan zuen bere herriaren mugetatik kanpo eta Jobim portugesez abesten zuen musikagilerik famatuenetakoa egin zen. Jazz-eko musikagile ospetsuek, Stan Getzek edota Ella Fitzgeraldek, esate baterako, eta orkestra zuzendari ezagunek, Nelson Reddlek, bere babesa eman zioten. Bere azken lanean (Antonio Brasileiro), izadiarekiko eta bere jaioterriaren hondamendi ekologikoarekiko kezka jaso zuen.
- joate
- Job, Thierry
- Job
- jobalta
- Jobet, Jorge
- Jobim, Antonio Carlos
- Jobs, Steven
- jockey
- Jochum, Eugen
- Jodelle, Étienne
- Jodhpur