Jochum, Eugen
Alemaniar orkestra zuzendaria (Babenhausen, Bavaria, 1902 - 1987). Tradizio post-erromantikoko azken alemaniar zuzendari handia. Pianoa eta organoa jotzen ikasi ondoren, orkestra zuzendaritza ikasi zuen. 1927-1929 bitartean Kieleko Operako orkestra zuzendari izan zen. Han eman zuen 1926an bere lehen kontzertua, Brucknerren Zazpigarren Sinfonia-rekin, Municheko Orkestra filarmonikoa zuzenduz. 1932an Berlineko Irratiko musika zuzendari izendatu zuten. Naziak indarra hartzen hasi zirenean, alde egin zuen Berlinetik. Hanburgon musika zuzendari nagusi izan zen Karl Böhmen ondoren 1934-1949 bitartean. 1949an Munichera dei egin zioten Bavariar Irratiko Orkestra sinfonikoa sortzeko. 1960 arte izan zen orkestra haren zuzendari, eta Alemaniako orkestra onenetakoa izan zen bere garaian. 1961-1964 bitartean Amsterdameko Concertgebouwko Orkestraren zuzendari izan zen Bernard Haitinkekin batera. Eta azkenik, 1975-1978 bitartean Londreseko Orkestra sinfonikoaren zuzendari. Veronica Jochum (1932) piano-jotzaile ezagunaren aita da. Alemaniar errepertorio erromantikoa izan zen bere espezialitatea eta disko asko grabatu zituen, lehena, 1932an: Mozarten pianorako kontzertu bat Edwin Fisherrekin. Besteak beste, Beethovenen eta Brucknerren sinfonia osoak grabatu zituen 1960ko hamarkadan eta 1970ekoan. Gaur egungo musikari dagokionez, Karl Amadeus Hartmannek berari dedikatu zion 6. Sinfonia (1953) eta Gottfried von Einemen Tanz Rondo (1959) grabatu zituen. Bera izan zen gainera Carl Orffen triptiko famatua (Carmina Burana, Catulli Carmina eta Afroditaren garaipena) diskoan grabatu zituen lehena.