Jobet, Jorge
Txiletar poeta eta kazetaria (Perquenco, Araucania, 1916). Filosofian eta literaturan lizentziatu zen, eta irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu da batean eta bestean. Valparaisoko Kazetaritza Eskolako zuzendari izan da eta Kazetaritzako Amerikar Elkartearen Lehen saria jaso zuen 1969an. Santiagoko Ateneoaren sorreran parte hartu zuen eta bertako aholkulari da gaur egun. Bere poesia oso zaindua eta zehatza da; bere sorterriko tradizio lirikoa baztertu gabe poesia sinbolikoa eta erregistro ugarikoa egiten du: metafisikoa, elegiakoa, umoretsua eta satirikoa. Aipagarriak dira El descubridor maravillado (1957, Aurkitzaile harritua), Naturaleza del ser (1970, Izakiaren izaera), Mis provincias (1963, Nire probintziak), Introducción al sentimiento (1970, Sentimenduetarako sarrera), Así pasan los años (1981, Badoaz urteak aurrera), Sonetos teologales (1985, Teologiazko sonetoak), Por el amor hasta siempre (1988, Amodioagatik betiko), De los muros al aire (1996, Hormetatik airera). Cuadernos en limpio (1993, Garbira pasatako koadernoak) saiakera liburua da. Claudio Indo izengoitia erabili izan du.