Joan Josef Austriakoa
(Esp. Juan José de Austria). Espainiako buruzagi militarra (Madril, 1629 - Madril, 1679). Filipe IV.aren sasiko semea zen. Filipe IV.aren buruzagi militarra eta Karlos II.aren Lehen Ministroa izan zen. 1647an Napolira bidali zuten bertako matxinada bati aurre egiteko eta Katalunian egon zen 1651-1652 urteetan bertakoen aurkako borrokan. 1656-1658 urteetan Herbehereetako gobernaria izan zen eta 1663an huts egin zuen Portugalgo armadaren aurka Amexialgo guduan. Espainiako erregetza beretzat nahi izan zuen ondoren, eta gorteko girotik bazter zegoen Filipe IV.a hil zenean (1665). Karlos II.a bere anaiordea adin nagusira iritsi gabea zela, erregearen ama Marianaren aurkako azpilanetan jardun zuen eta erregearen Lehen Ministroa izan zen. Haren agintaldian izenpetu zen Nijmegen-go ituna Espainiako eta Frantziako koroen artean (1678; Espainiako inperioaren gainbehera etorri zen itun haren ondoren). Hil baino lehen Karlos II.aren eta Maria Luisa Orléansekoa Luis XIV.aren ilobaren arteko ezkontza antolatu zuen, ordu arte biderik gabe egon zena, baina haren eragina eta omena guztiz apalak ziren jadanik garai hartan.