Joan Gurutzekoa, santua
(Juan de la Cruz, Juan de Yepes jaiotza izenez). Espainiar fraide eta idazlea (Fontiveros, Avila, Gaztela, 1542 - Ubeda, Andaluzia, 1591). Espainiako karmeldarren ordenaren erreformazale garrantzitsuena izan zen, Teresa de Jesusekin batera. Karmeldar oinutsen taldea indartu zuten biek Espainian zehar. 1577an, preso hartu zuten, karmeldar oinetakodunek eginiko presioengatik, eta Toledon giltzapetu zuten. Han idatzi zituen bere lehen poemak. Zortzi hilabeteren buruan, ihes egin zuen kartzelatik eta karmeldar oinutsen aldeko jardueran jarraitu zuen ondoko urteetan Andaluzia aldean. Hala ere, aurkari handiak sortu zitzaizkion karmeldar oinutsen artean ere eta, kargu guztiak kendu eta gero, fraide soil hil zen Ubedako komentuan. Bera hil ondoren eman ziren argitara Joan Gurutzekoaren obra guztiak. Hitz lauz eginiko mistika tratatuak (Karmelo mendirako igoera, Arimaren gau iluna, Amodiozko gar bizia eta Izpirituzko kantua) landu zituen hiru poema nagusien iruzkin luzeak dira: Gau iluna (1578-1583), Izpirituzko kantua (1584) eta Amodiozko gar bizia (1584). Joan Gurutzekoa Espainiako literaturaren urrezko mendeko poeta handienetako bat izan zen. Erdi Aroko eta Errenazimentu garaiko moldeak, herriko formak eta erlijio sinbolismo landua maisutasun handiz erabili zituen bere obra mistikoan. 1726. urtean egin zuten santu eta 1926an Elizako doktore. v Jaieguna, abenduaren 14a. v Juan I. Goikoetxea “Gaztelu” eta Nikolas Ormaetxea “Orixe” idazleek eman dituzte Joan Gurutzekoaren poemen euskarazko bertsio aipagarrienak.