Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan

edo Joanes Bataiatzailea, santua. (Aitzindaria deitua). Kristautasunaren aintzindari judua, Ebanjelioen arabera (K.o. 28. urte inguruan hila). Zakarias igarlearen eta Elisabeten mirarizko semea zen, Jesu Kristoren lehengusua, beraz, Lukasen ebanjelioaren arabera (Luk. I, 5). Eseniarren eraginez agian, basamortura erretiratu zen gazterik eta, jarraitzaile batzuk harengana hurbildu ondoren, Mesiaren etorrera iragarri zuen Jordan ibaiaren ertzetan (Mark. I, 4). Jendea bataiatzen zuen fede berrian eta Jesu Kristok berak eskatu zion bataia zezala (Mark. I, 9). Herodes Antipasen gortera joan zen ondoren eta jendaurrean salatu zituen Herodesek bere anaiaren emazte Herdodiasekin zituen harremanak. Herodesek Makeronteko hirian giltzapetu zuen eta han burua moztu zioten, Salomek, Herodiasen alabak, hala eskatuta.  v  Joan Bataiatzailea kristautasuneko santu ospetsuenetako bat da eta udako solstizioaren inguruko elezaharrei lotua dago haren izena aspaldidanik, garai horixe aukeratu baitzuen elizak santu horren omentzeko (ekainaren 24a). Beste herri askotan bezala, udako solstizioko uraren eta suaren errituei lotzen zaie Euskal Herrian San Joan Bataiatzailearen inguruko jaia. Donibane da, besteren artean, San Joanen euskarazko izen zaharra.  v  Jaieguna, ekainaren 24a. Eliza katolikoak abuztuaren 29an ospatzen du Joan Bataiatzailearen heriotza.