Joan Austriakoa
(Esp. Don Juan de Austria). Espainiako inperioko militarra (Regensburg, Alemania, 1547 - Bouges, Holanda, 1578). Karlos V.a enperadorearen sasiko semea eta Filipe II.aren anaiordea. Espainiara eraman zuten haurra zela, eta Karlos enperadorea hil ondoren, Filipe II.ak anaiordetzat hartu eta handiki ohoreak eman zizkion, Don Juan de Austria izenez (1559). 1568an hasi zen borrokan Mediterraneoko itsasgizon berberiarren aurka eta Granadako mairuen aurkako osteen buruzagi nagusi izendatu zuten 1569an. Mediterraneoko itsas armadako nagusia zen 1571n, eta urte hartan bertan menderatu zuen turkiarren itsas armada Lepantoko guduan. 1573an Tunisiako hiria konkistatu zuen, baina turkiarrek hartu zuten berriro ondoko urtean. 1576an Herbehereetara bidali zuen Filipe II.ak, espainiarren okupazioaren aurkako matxinadari eusteko asmotan. Gogoz kontra joan zen Joan Austriakoa eta baldintza bat jarri zion Filipe II.ari: Ingalaterra inbaditu eta Londresen preso zeukaten Maria Estuardo Eskoziako erreginarekin ezkontzeko baimena. 1577ko otsailean, Holandako matxinatuekin akordio batera heltzen saiatu zen, baina holandarrek ez zuten gobernari gisa onartu, ezta erlijio katolikoaren nagusitasunik ere; gerrari berriro ekin ondoren Namur hiria hartu zien holandarrei. Joan Austriakoaren azken hilak guztiz hitsak izan ziren: Holandako gerrak nahigabe handiak ekarri zizkion, Juan de Escobedo haren idazkaria Filipe II.aren aginduz hil zuten eta, Espainiako erregeak guztiz bakarrik utzia zuelarik hil zen, pozoituta seguruenez.