Jamaika
(Izen ofiziala, Jamaika; Ing., Jamaica). Antilla Handietako uhartea, Karibe itsasoan, Kubaren hegoaldean. 10.990 km2 eta 2,780,132 biztanle (2007, jamaikarrak). Hiriburua: Kingston (660.000 biztanle, 2004, kingstondarrak). Hizkuntza: ingelesa (ofiziala), kreolera. Etniak: beltzak (% 90), sortaldeko indiarrak (% 1,3), zuriak (% 0,2), txinatarrak (% 0,2), mestizoak (% 7,3), besteak (% 0,6). Erlijioa: protestanteak (% 61,3), katolikoak (% 4), besteak (% 34,7). Dirua: dolarra. ■ Lurraldea. Antilla Handietako hirugarren uharte handiena da Jamaika. Sumendi kate batek alderik alde zeharkatzen du, ekialdetik mendebaldera, eta lurraldeko bi herenak hartzen ditu. Mendebaldean, kare-harrizko goi-ordoki bat dago, landare tropikalez betea. Lautadak nekazaritzarako baliatzen dira. ■ Biztanleak. Jamaikako biztanle gehienak afrikar jatorrikoak edo mestizoak dira, XVII eta XVIII. mendeetan uhartera eramandako esklaboen ondorengoak. Asiako hego-ekialdekoak, europarrak eta txinatarrak dira gutxiengo nagusiak. Hiriburuaz gainera, Montego Bay (120.000 biztanle) eta Spanish Town (150.000 biztanle) dira hiri nagusiak. Erlijioari dagokionez, gehienak kristauak dira, baina eliza askotarikoak: Jainkoaren elizakoak, baptistak, anglikanoak, Zazpigarren Eguneko adbentistak, pentekostalistak, metodistak, Jehovaren lekukoak eta katolikoak, besteak beste. ■ Ekonomia. Jamaikako ekonomia nekazaritzan eta meatzaritzan oinarritzen da batez ere. Biztanle aktiboen % 20 baino gehiago nekazaritzan aritzen da lanean. Batez ere azukre kanabera lantzen da. Azukre kanaberaren ondoren, garrantzi handikoak dira platanoak, zitrikoak, tabakoa, kakoa, kafea, kokoa, artoa, saralea, piperrautsa, jengibrea, mangoa, patata eta arruruza, besteak beste. Jamaika da munduko piperrauts ekoizle handiena. Ekonomiaren beste oinarri nagusia meatzaritza da. Bauxita eta alumina industrien ekoizpenak esportazioen % 60 hartzen du. Industriak ere gero eta garrantzi handiagoa du: elikagai industria, ehungintza, zapatagintza, margoak, nekazaritzarako tresnak eta makinak, zementua, ongarriak eta abar. Kingstonen petrolio findegi bat dago eta herrialdearen energia beharren erdia asetzeko adina erregai ekoizten du. Turismoa, bestalde, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. XX. mendearen azkeneko urteetan 500.000 turista baino gehiagok bisitatu dute uhartea urtero. ■ Historia. XX. mendearen azkeneko urteetan Jamaikak ekonomia arazo larriak izan ditu. 1980-1983 bitartean, Edward Seagaren gobernu laboristaren agintaldian, langabezia izugarri handitu zen, inflazioak ere gora egin zuen, eta kanpo zorra bikoiztu egin zen. 1983ko azaroan, Karibeko beste herrialde txiki batzuk bezala, Jamaikak babes diplomatikoa eta laguntza militar sinbolikoa eman zien Estatu Batuei, haiek Grenada inbaditu zutenean. Hilabete geroago, aldeko egoera politikoa baliatuz, Seagak Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu zituen. Norman Manleyren Herri Alderdi Nazionalalak (HAN) hauteskundeei boikot egin zien eta iruzurraren aurkako neurriak ez hartzeaz salatu zuen gobernua. Gobernuko alderdia bakarrik aurkeztu zen hauteskundeetara eta berak eskuratu zituen Legebiltzarreko 60 aulkiak. 1984an krisi ekonomikoa areagotu egin zen. Kingstongo “Eremu librean” atzerriko inbertsioak erakartzeko langileen eskubideak ez errespetatzea eta haien bizi maila berariaz hondatzea leporatu zioten sindikatuek gobernuari. Kingstongo “Eremu librean” langileen % 96 emakumeak ziren; lanegun luzeak egiten zituzten, lan baldintza kaskarretan, segurtasunik gabe, eta oso diru gutxiren truke. Egoera horrek eragin zuzena izan zuen Kingstongo haurrengan, familien erdietan emakumeak baitziren familiaburu. Herrialdeko beste arazo handienetako bat droga trafikoa eta horren ondorioak dira. 1985 eta 1987 bitartean, gobernu laboristak, Estatu Batuekin ados jarrita, droga trafikoaren aurkako programa bat bideratu zuen. Urtero 750 milioi bat dolar marihuana sartzen dira Jamaikatik Estatu Batuetara. 1989an Michael Manleyren Herri Aliantza Nazionala gobernura iritsi zen ostera, 1986ko udal hauteskundeak irabazi ondoren. 1976an ez bezala, enpresa librean eta Estatu Batuekiko harreman onetan oinarritutako programa aurkeztu zuen. Kubarekin harremanetan hasi zen berriro, eta Nazioarteko Diru Funtsaren hitzarmenei men egiteko prest agertu bazen ere, argi utzi zuen ez zuela desberdintasun sozialak handitzea eragingo zuen neurririk onartuko. Ekonomiaren hazkundea nahi zuen, baina aberastasuna hobeto banatuz. 1992ko apirilean Percival Patterson izendatu zuten Lehen Ministro eta alderdiko presidente, Manleyren ordez. Lan baldintzak hobetzeko asmotan, gobernuak 300 enpresa estatal pribatizatzeko prozesua hasi zuen. 1993ko martxoan Herri Aliantza Nazionalak botoen % 60 eskuratu zituen, eta Patterson izendatu zuten Lehen Ministro. 1995ko urrian, Alderdi Laboristako buruaren aurka zeuden alderdikide batzuek alderdia utzi eta Mugimendu Nazional Demokratikoa (NDM) sortu zuten. 1997an alderdi politikoek, elizaren ordezkariek eta bestelako elkarte batzuek batzorde bat antolatu zuten herrialde barneko bortxakeriari aurre egiteko neurriez hitz egiteko. 1997ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Herri Alderdi Nazionalak berrogeita hamar aulki lortu zituen eta laboristek hamar. 2006ean, PNPko Portia Simpson-Miller izendatu zuten lehendakari; hura izan zen Jamaikaren historiako lehenengo emakume lehendakaria. 2007ko hauteskundeetan JLP alderdiak hartu zuen boterea, PNPren 20 urteko agintaldiari amaiera emanez.
http://www.jis.gov.jm/