Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakob

(Hebreeraz, Ya’aqov). Bibliako aitagoia (Genesia, XXV-XLIX). Isaaken eta Rebekaren semea eta Abrahamen biloba zen. Itun Zaharreko pertsonaia nagusietakoa da, Israelgo herria sortu zuena. Itun Zaharren arabera, Esauren anaia bikia zen, bigarrenik jaioa bera, eta hari erosi zion premutza dilista plater baten truke. Mesopotamiara jo zuen ondoren, Esaurengandik ihesi, eta Laban artzainaren etxean aritu zen lanean. Labanen alaba Lea eta Rakelekin ezkondu zen eta hamabi seme eta alaba bat izan zituen, bere emazteekin eta bi zerbitzarirekin. Israelgo hamabi leinuen aurrenak izan ziren hamabi seme haiek. Israel (hebreeraz, “Jainkoaren aurka borrokatu zen azkarra”) izena hartu zuen Jainkoak bidalitako aingeruaren aurka borrokatu ondoren (Genesia, XXXIII) eta izen hori hartu zuten bere ondoko guztiek. Esaurekin izandako istiluak konpondurik, aitaren etxera itzuli eta handik Egiptora joan zen, Josef semearengana. Han hil zen 147 urte zituela.