Jahn, Helmut
Alemaniar arkitektoa (Zindor, Nurenberg, 1940). Municheko Technische Hochschule eskolan arkitektura ikasi eta gero, Estatu Batuetara joan zen doktoregoa egitera. Myron Goldsmithekin eta Fazlur Kahnekin ikasi zuen han, garaiera handiko egituretan adituak ziren bi teknikariekin. Tesia egiten ari zela C.P. Murphy Associates enpresan hasi zen lanean. 1973an Helmut Jahn enpresa horren lehendakariorde eta Estudioen eta Diseinuen zuzendari izendatu zuten. Proiektu ugaritan lan egin zuen, eta horrek ospe handia eman zion Estatu Batuetan eta atzerrian. American Institute of Architects-en kide egin zen eta 1977an Who’s Who in America-ren berrogeigarren edizioan parte hartzera gonbidatu zuten. 1980an Indianako Saint Mory’s Collegeko Arte Ederretako sailak honoris causa doktore titulua eman zion. Ordurako 15 bat eraikin eginak zituen, Chicagoko Xerox Center, bere lanik garrantzitsuenetakoa, besteak beste. 1980an Estatu Batuen ordezkari izan zen Veneziako Bi Urtekoan, eta Who´s Who in Technology Today-ren bosgarren ediziorako hautatu zuten. 1975etik hona berrogeita hamar sari inguru irabazi ditu bere proiektuengatik, eta bere lanaren erakusketa ugari egin ditu mundu osoan zehar. Irakaskuntzan ere aritua da, Harvardeko Unibertsitatean 1981ean eta Yalekoan 1983an, esate baterako. Bere lanik garrantzitsuenak: Chicago Board Traad Addition (1982); Complex-United Airline-ren 1. terminala; Chicagoko O´Hore aireportua (1983-1987); Filadelfiako One Liberty Place (1984-1987); Chicagoko State of Illinois Center (1985) eta Frankfurteko Messeturm (1985-1991).