Jahnn, Hans Henny
Alemaniar drama idazle eta eleberrigilea (Hanburgo, 1894 - Hanburgo, 1959). Bakezalea zen eta Alemania Europako gerran sartu zelako Norvegiara alde egin zuen (1915). Suitzara eta, ondoren, Danimarkara jo zuen naziak Alemanian nagusitu zirenean (1933). Organo-jotzaile bikaina zen eta musikografia lan garrantzitsuak eskaini zituen, garai barrokoko organo obren bilduma bat tarteko. Idazle hotza eta irmoa zen eta ikuspegi kristau puritanoa darie haren obra errealistei: Pastor Ephraim Magnus drama (1919, Ephraim Magnus eliz ministroa), Medea drama (1926), Perrudja eleberria (1929), Fluß ohne Ufer trilogia (Bazterrik gabeko ibaia), Die Niederschrift des Gustav Anias Horn (1949-1950, Gustavo Anias Horn-en idatziak) eta Epilog (1961ean argitara emana, Hitzondokoa). Egungo zibilizazioaren aurka idatzi zuen obra bat, Die Trümmer des Gewissens (Kontzientziaren hondarrak), 1961ean eman zen lehenengo aldiz.