Jaguar
Luxuzko eta kirol autoak egiten dituen britainiar enpresa, Ford estatubatuar multinazionalaren mendekoa. 1922an William Lyonsek Swallow Side Car and Coach Building Company (SS Car izenez ezaguna) enpresa sortu zuen, motozikletak eta kirol ibilgailuetarako karrozeriak egiteko. Lenen autoa, SS 1, 1931n atera zuten. Marka horren autorik ezagunena SS 100 izan da; lasterketetarako bertsioak sari ugari lortu zituen 1930eko hamarraldian, eta adituek Jaguar goitizena eman zioten. Hortik hartu zuen enpresak izen berria Bigarren Mundu Gerra bukatzean. Modelorik salduenetako bat 1950eko hamarraldi bukaerako Mk II izan zen (hamar urtean 130.000 auto saldu ziren). 1960an Daimler luxuzko auto fabrikatzaile historikoa bereganatu zuen, eta izen hori erabili dute auto bertsio batzuk izendatzeko. 1966an British Motor Corporation enpresarekin elkartu zen, eta bi urte geroago British Leyland-ekin. Baina azken horren arazo ekonomikoak zirela-eta, bereizi egin ziren. Hala ere, Jaguar-ek ez zuen krisialditik ateratzea lortu, eta 1989an Ford-ek erosi zuen.