Jacobs, Edgar Pierre
Belgikar komikigilea (Brusela, 1904 - Brusela, 1987). 1940an Bravo! aldizkarian lan egiten hasi zen eta Flash Gordon, Belgikan zabaltzen ez zen Alex Raymonden zientzia fikziozko komikia marrazten. Alemaniarren okupazio garaian sail hori debekatu egin zuten eta orduan bere lanak osatzeari ekin zion, esate baterako, U izpia (1943), zientzia fikziozko komikia. 1944an Hergéren laguntzaile gisa hasi zen lanean eta elkarrekin marraztu zituzten Tintin Kongon, Eguzkiaren tenplua, Tintin Ameriketan, Loto urdina, eta abar. 1946an, Belgikako komikigintzan funtsezkoa izan zen aldizkari batean, Tintin-en alegia, hasi zen. Garai hartan H. G. Wellsen Munduen gerra nobela egokitu zuen komikirako, eta bere maisulana izan zen bilduma berri bat sortu zuen: Blake eta Mortimer. Sail horren lehen alea, Ezpata tzarraren sekretua 1946an agertu zen “Tintin” aldizkariaren orrialdeetan. Blake eta Mortimerren komikiek oso harrera ona izan zuten Europan, eta kritikariek marrazkiaren kalitatea eta gidoien maila jasoa goraipatu zuten. Sail horretakoak dira Piramide handiaren misterioa (1950), Marka horia (1953), Atlantidaren enigma (1955), S.O.S. Meteoroak (1958), Deabruzko segada (1960) eta Lepokoaren auzia (1965). 1967an Sato irakaslearen 3 formulak kaleratu zuen, saileko onenetakoa, eta hori izan zen bere azken komikia. 1981ean bere memoriak argitaratu zituen: Un opéra de papier (Paperezko opera).