Iparraldeko Kontseilua
Eskandinaviako herrialdeen aholkularitzarako organizazio politikoa, Danimarkak, Norvegiak eta Suediak ekonomia, gizarte eta kultura alorretan elkarri laguntzeko 1952an sortua. Islandia urte hartan bertan egin zen kontseiluko kide, eta Finlandia 1956an. Kontseiluan herrialde kideetako ordezkari hauek parte hartzen dute: Danimarka, 16; Finlandia, 18; Islandia, 7; Norvegia, 20, eta Suedia, 20. Aland uharteek (Finlandia) eta Groenlandia eta Feroe uharteek (Danimarka) bina ordezkari dituzte. Kontseilua urtean behin elkartzen da eta aurrekontu, ingurumena, kultura, gizarte ekintza edo legediari buruzko aholkuak ematen dizkie gobernu kideei. Biltzar Orokorra da bere egiturako organo inportanteena. Zenbait batzorde espezializatu ditu eta zenbait lankidetza erakunde sortu ditu: Inbertsioa Sustatzeko Iparraldeko Bankua, Teknologia eta Industriaren Aurrerabidea Bultzatzeko Iparraldeko Funtsa, Proiektuen Ipar Funtsa, edo Estatistikarako Ipar Idazkaritza.