Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iparretarrak

Ipar Euskal herriko erakunde armatua, 1973an Baigorriko kantonamenduan eta urte hartan sindikatu mailan izan ziren borroken ondorioz sortua. Gizarte kapitalistaren aurka jokatuz eta hura irauliz aberastasun handien jabe direnen eta lanetik bizi direnen arteko aldeak berdintzea zen hasierako asmoa. Erakunde armatuaren inguruan legezko elkarte batzuk, Herri Taldeak sortu ziren 1977an eta haren egitarauak ere zehatzago bilakatu ziren. Ipar Euskal Herriarentzat autonomia zabalagoa, ingurunearentzat begirapen gehiago eta ekonomia garapen orekatuagoa eskatuz, Frantziako administrazioak Euskal Herrian zituen mendeko erakundeen, turismoaren eta etxegintzako ajentzien kontrako ekintzak egiten hasi zen. Frantziako estatuaren erantzuna gogorra izan zen, 1992an Philippe Bidart bizitza guztirako kartzelara kondenatu zuen eta beste hainbat ere badira urte luzeetarako atxilotuak. Bat egin zuen ETAk 1998ko irailean iragarri zuen su-etenarekin, eta ETAk bertan behera utzi zuenean ere eutsi egin zion su-etenari Iparretarrak taldeak aldi baterako. 2000. urteko martxoan, ordea, borroka armatuari egin zion berriz Iparretarrak taldeak, urte horretan zehar hainbat atentatu egin baitzuen, lehergailu bidezkoak eta hildakorik edo zauriturik gabekoak guztiak.