Iparragirre Balerdi, Jose Maria
Gipuzkoar kantari eta olerkaria (Urretxu, 1820 - Itsaso, 1881). Zerainen egon zen haur garaian, osaba baten etxean, gaztelania eta gramatika ikasten, eta Gasteiza bidali zuten, hamaika urte zituela, apaiz ikasketak egiteko. Hamahiru urte zituela, Madrila joan zen familiarekin batera, eta hango jesuiten ikastetxe batean egon zen zenbait hilabetez, Lehen Karlistaldia hasi zen arte. 1834an etxetik alde egin eta, Euskal Herrira itzuli ondoren, Gipuzkoako batailoi karlista batean soldadu izan zen. Gerra garaian hasi zen gitarra jotzen, kantari eta bertsoetan. 1835ean zauritu zuten Arrigorriagako guduan eta Karlos erregegaiaren soldadu zaindari izateko hartu zuten ondoren. Bergarako Hitzarmena onartu ez eta Frantzia aldera jo zuen 1839an eta frantsesa ikasi zuen ondoko urteetan. 1848. urteko iraultzan parte hartu zuen; agidanez La Marseillese ereserkia kantzatzen zuen barrikaden artean, eta Napoleon III.aren gobernuak Frantziako lurraldetik kanpo ezarri zuen, arriskutsua zela eta. Suitzan, Italian eta Alemanian barrena ibili ondoren, Londresa iritsi zen 1851n, eta han egon zen 1853an Hego Euskal Herrira itzultzeko baimena eman zioten arte. Urte hartan ondu zuen bere Gernikako Arbola ospetsua eta euskaldunak bildu ohi ziren Madrilgo San Luis ostatuan kantatu zuen lehenbizikoz kanta hura. Iparragirreren jardunari guztiz arriskutsua iritzi zioten Espainiako gobernari liberalek eta berriro egotzi zuten estatutik 1855ean. Ameriketara jo zuen orduan eta Buenos Airesen ezagutu zuen emakume gipuzkoar batekin ezkondu zen han. 1878an itzuli zen Euskal Herrira eta omenaldi asko egin zizkioten arren, guztiz pobre bizi izan zen hil zen arte. Iparragirre historiako euskal kantari ezagunena eta kantatuena izan da. Bere Gernikako Arbola kantuak hego eta iparraldeko euskaldunen ereserki itxura hartu zuen berehala eta horrela jarraitu du XX. mendean ere. Bestalde, guztiz ezagunak dira Iparragirreren beste kanta asko: Ume eder bat, Zibillak esan naute, Gitarra zartxo bat da, Nere etorrera lur maitera, Ara nun diran, Nere andrea eta abar.
- ipar-bele
- iparburu
- Zirkulu Polar Artikoa
- Iparla
- iparorratz
- Iparragirre Balerdi, Jose Maria
- Iparragirre, Pilar
- iparralde
- Iparraldeko Gerra
- Iparraldeko Kontseilua
- Iparraldeko lurmuturra