Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (North Atlantic Treaty Organization, NATO)
Europako mendebaleko herrialde batzuek sortutako babes erakundea. ■ 1949. urtean Belgikak, Frantziak, Luxemburg-ek, Holandak, Danimarkak, Islandiak, Italiak, Norvegiak, Portugalek, Kanadak eta Erresuma Batuak defentsa erakunde bat sortzea erabaki zuten eta Ipar Atlantikoko Tratatua sinatu zuten Washingtonen. 1952an Grezia eta Turkia elkartu ziren, eta 1955ean Alemaniako Errepublika Federala. Azkenik, Espainia sartu zen 1982. urtean. Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea egitura militarra duen erakundea da, eta kide diren herrialdeak babestu asmoz sortu zen. Erakundearen zuzendaritza Ipar Atlantikoko Kontseiluaren esku dago, eta Kontseilu hori kide diren herrialdeen ordezkariez eratuta dago. Kontseiluko burua da erakundearen Idazkari Nagusia. Alderdi militarrari begiratuta, hainbat adar eta agintaritza ditu: Hego Europakoa, Atlantikokoa, Mantxako itsasartekoa, eta Estatu Batuetakoa eta Kanadakoa. Sortu zenetik eta batez ere 1950etik 1980ra bitartean, Natok garrantzi handiko papera izan du Europako politika bilakaeran. Varsoviako Paktua izan du aurrez aurre betidanik eta Sobiet Batasuna eta haren eragina desegin direnean, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen zeregina ere murriztuz joan da.
- Iorga, Nicolae
- Ioseliani, Otar
- Iowa
- iowa
- Ipar Ameriketako independentzia
- Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (North Atlantic Treaty Organization, NATO)
- Ipar Euskal Herria
- Ipar Itsasoa
- ipar
- ipar-ahate
- ipar belarrihandi