Ioseliani, Otar
Errusiar zinemagilea (Tbilisi, 1934). Konposizioa, pianoa eta orkestra zuzendaritza, matematika eta zinema zuzendaritza ikasketak egin zituen. Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, zuzendaritza laguntzaile eta muntatzaile lanetan aritu zen eta, hamarkadaren bukaeran, film dokumentalak egiten hasi zen. Aprel (Apirila,1962) izeneko luzera erdiko filma debekatu ziotenean, zinema utzi zuen eta urte batzuz arrantzuntzi batean eta geroago labe garai batzuetan lan egin zuen. Guiorgobistve (1966, Hostoen erortzea), Ikho chachvi mgalobeli (1971, Bazen behin zozo kantari bat) eta Pastorala (1971) izeneko film trilogian Ioselianiren umore sen berezia eta musikazaletasuna garbi ageri dira. Trilogia horri esker ezagun bihurtu zen mundu osoan. Filmak banatzeko eta egiteko izan zituen oztopoek Frantziara erbesteratzera bultzatu zuten, eta bertan film laburrak egin zituen: Lettre d’un cinéaste (1982), Euskadi (1982) eta Sept pièces pour cinéma noir et blanc (1983). Les favoris de la lune (1984) film luzean, matematika eta komedia zaletasuna erakusten ditu. 1988. urtean, berriz, Et la lumière fut egin zuen, dokumental eta fikzio nahasketa bitxia.