ioitze
Ioitu aditzaren aditz izena. || iz. Kim. Atomo edo molekula neutro batek elektroiak galtzen edo irabazten dituela, ioiak eratzea. Ioitze arruntena ioi lotura duen gai bat (NaCl edo KNO3 adibidez) uretan urtzen denean gertatzen da. Molekula bakoitza bi ioitan zatitzen da, bata positiboki kargatua eta bestea negatiboki kargatua. Urtzean ioitzen diren gaiei elektrolitoak deitzen zaie. Korronte elektrikoa garraiatzeko ahalmena dute, eta disolbatzailearen eroamen maila handiagotzen dute. Ioiak dituen disoluzio batetik korronte elektrikoa pasarazten bada, ioiak beren aurkako zeinua duten elektrodorantz higitzen dira. Efektu honetan oinarritzen dira industrian egiten diren zenbait eragiketa elektrokimiko. Ioien eraketak disolbentearen irakite puntua igoarazten du, eta izozte puntua jaitsarazten. Ioitze maila asko aldatzen da gaiaren, disolbentearen edo tenperaturaren arabera. Gas molekulak ere ioi daitezke energia elektrikoaren eraginez. v Ioitze atmosferikoa. Meteor. Bertan ioi asko dagoelako korronte elektrikoaren eroale bilakatu diren eguratseko zenbait guneren egoera. Gune horiek guztiak biltzen dituen eguratseko geruzari ionosfera deitzen zaio. Eguratseko gasen ioitze prozesuaren eragile nagusiak Eguzkitik datozen uhin laburreko irradak dira (izpi ultramoreak eta X izpiak).