Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

informatika

iz. Informazioa automatikoki erabili ahal izateko tekniken eta jakintzen multzoa.  
■ Informatikaren historia. Lehenengo ordenagailua 1946an jarri zen abian. Hala eta guztiz ere, informatika gizakiaren mendeetako amets bati dagokio, makina pentsalari bat sortzearen ametsari. Bide horretatik egin ziren lehenengo lanak XVII. mendekoak dira, Wilhelm Schickard, Blaise Pascal eta Gottfried von Leibniz-en garaikoak. Logika modernoa eta elektronika batzeak gaur egungo informatikaren sorrera ekarri zuen, eta horrek iraultza izugarria eragin du gure gizarteen ekonomian eta bizitzan. “Informatika” hitza Philippe Dreyfusek asmatu zuen 1962an, “informazio” eta “automatiko” hitzak bateratuta. Informatikak oinarrian bi iturri ditu: automaten zientzia eta logika. ■ Automatismoa izaki artifizialak programatu zirenean sortu zen, XVIII. mendean. Jacques de Vaucansonek jotzailerik gabeko flauta asmatu zuen, hamabi pieza desberdin jotzen zituen gurpil moduko bati esker. Programazioa hobetu zuten txartel zulatuei esker, Barbarie organoa eta Jacquarden ehungailua sortu ziren. 1623an Tübingenen Schickardek kalkulatzeko lehenengo makina sortu zuen, baina sute batek desegin zuen eta ez zen haren berri izan 1958 arte. 1641-1645 urteen bitartean Pascalek arrakasta handiagoa izan zuen makina bat sortu zuen, batuketak egiten zituena. Leibnizek 1673an biderketak egiteko makina bat asmatu zuen, baina 1694 arte ez zen gauzatu. 1822an Babbagek matematika taulak kalkulatzeko eta inprimatzeko makina bat sortu zuen; tresna horri 1833an makina analitiko bat erantsi zion, eta horrela aritmetika eta logika operazio ugari egin zitezkeen. Babbageren proiektuak bera hil eta gero egin ziren, eta hura izan zen kalkulu automatikoaren bidea zabaldu zuena. ■ Automatismoaren ardura nagusia natura menderatzeak sortzen dituen arazo teknikoak gainditzea zen, baina informatika modernoa ez da printzipio horretatik bakarrik sortu. Logika izan zen beste oinarrietako bat. Eta alor horretan, pentsalariak saiatu dira azalpen matematikoetarako metodoen aplikazio eremua pentsamenduaren beste alor batzuetara hedatzen eta erabateko koherentzia ematen beren zientziaren mugak zehaztu aurretik. Kriptografian egindako ikerketak, mezuen igorpena eta kodetzea informazioaren teoriara bideratu behar ziren. Logikaren jatorria Aristotelesen garaira (K.a. IV. mendea) eraman behar da, gutxienez. Euklidesek eta Eratostenesek algoritmo klasikoak asmatu zituzten; Al-Khuwarizmi persiarrak kontzeptua berritu zuen eta bere izena eman zion, eta Leonardo Fibonaccik Europan sartu zuen XIII. mendearen hasieran. Leibnizek kalkulu automatikoari egin zion ekarpenaz gainera, beste bi ekarpen handi egin zituen: ezaugarri unibertsalaren ideia eta aljebraren arrazionalitatea logikara zabaldu zuen proposizioen sintaxia. Zenbakera bitarra Francis Baconi esker ezagutu zen Europan, baina Leibniz izan zen sistema hura kalkulu automatikora egokitu zuen lehena. Boolek Aristotelesen logikaren formulazio matematikoa egin zuen. Britainiar matematikari talde batek, Russell buru zuela, Principia mathematica lana argitaratu zuen 1910ean. Lan hartan matematikak sistema formal batean osatzea proposatzen zen, zeinetan proposizio oro kalkulu logiko baten arabera frogatu ahal izango baitzen. 1931n Kurt Gödel austriarrak frogatu zuen aritmetika adierazteko gai den sistema formal orok dituela benetako ezaugarriak, baina sistema horren beraren arauekin ezin froga daitekeela ezaugarri horien egiatasuna edo faltsutasuna. Teorema horrek bertan behera uzten zituen matematikak dedukzio sistema koherente batean biltzeko asmoa. Turing britainiarrak automata eredu bat egin zuen, algoritmo kontzeptua defini zezakeena. Turingek Princetoneko (Estatu Batuak) Institute for Advanced Studies institutuaren diru laguntza lortu zuen eta han ezagutu zituen Einstein, von Neumann eta Church. Hala, lehenengo ordenagailua egin baino hamar urte lehenago bildu ziren informatikaren oinarrien egileak. Azkenik, 1945ean von Neumannek ordenagailuen egitura materiala definitu zuen. Beraz, kalkulu eredu baten gainean osatu da informatika, Turingen makinaren gainean hain zuzen. ■ Informatika sareak. Gaur egun informatika ezin uler daiteke sarerik gabe. Sare ospetsuena Internet da. Sareak ekonomia iraultzatzat hartzen dira, XIX. mendeko iraultza industrialaren parekotzat, eta horiei esker informazioa eta informazioaren zirkulazioa gure gizarteen oinarrizko osagai bihurtu dira. Informatika sareek aldaketa handiak eragin dituzte gizarteetan, inprimategiak, telefonoak edo telebistak sortu zituztenen mailakoak. Sareak bi ordenagailu edo gehiagoren arteko komunikazioa ahalbidetzen duten sistemak dira; ordenagailuen arteko distantzia txikia (sare lokalak), handia (distantzia handiko sarea) edo erdi mailakoa (hiri barruko sarea) izan, berdin-berdin betetzen dute zeregin hori. Hiru sare mota horietara egokitutako teknikak elkarren oso desberdinak dira, baina erabiltzaileari ematen dizkioten zerbitzuak antzekoak: posta elektronikoa, fitxategi eta programa trukea, informazio zerbitzarietara sartzeko aukera, sistema informatikoak urrunera erabiltzeko aukera, forum elektronikoetan parte hartzea. Sare informatikoek igorpen euskarri finkoak izaten dituzte, bideratzaile esaten zaien ordenagailu espezializatuak hain zuzen. Horien zeregina burdinbideetako orratzek betetzen dutenaren antzekoa da. Bideratzaile horiez gainera, sare informatikoek bideratzaileetan egoten diren programak izaten dituzte, eta baita informazio trukerako arau multzoak ere; azken horiei protokolo esaten zaie. Gaur egun sareen alorrean egiten diren aurrerakuntza saio nagusiak hauek dira: lastertasuna handitzea (622 milioi bit segundoko ATM-rekin, Asynchronous Transfer Mode, egiten den komunikazio baterako); erabilera erraztea, azpiegituraren konplexutasuna estaltzen duten protokoloei esker; sare desberdinak lotzeko gaitasuna. ■ Sare batek era askotako desberdintasunak dituzten ordenagailuen arteko komunikazioa ahalbidetzen du: arkitektura materiala, programak, etab. Baina horretarako guztiek ezagutuko dituzten hitzarmenak, protokoloak, definitu behar dira. ISO-k (International Standard Organisation) terminologia bat eta kontzeptuak landu zituen protokoloak deskribatzeko, OSI araua (Open Systems Interconnection). Bestalde, konplexutasuna gutxitzeko, mailatan antolatuta dago sarearen arkitektura; behereneko maila oinarri fisikoarekin lotura zuzenari dagokio, garaienak, berriz, erabiltzailearekiko interfazeari dagozkio. Maila guztiak aurreko mailaren gainean eraikitzen dira, aurreko maila horren zerbitzuak erabiltzen dituzte eta oso era definituan komunikatzen da harekin. OSI ereduak, esate baterako, zazpi mailatan banatzen ditu osagaiak. ■ Informatika musikala. Musika lanak ordenagailu bidez egiteko eta zabaltzeko tekniken multzoa. Musikan 1950eko hamarraldian hasi zen ordenagailua erabiltzen, Lejaren Hiller edota Milton Babbitt musikagile estatubatuarren bultzadaz bereziki. Ondoren, Europan, Michel Philippot eta Iannis Xenakisek hartu zuten bide hori. Kontua zen tresna informatikoak erabiltzea hots arkitektura konplexuak kalkulatzeko. Musikak betidanik izan ditu harremanak kalkulu matematikoarekin. Zenbait forma klasikok, hala nola fugak, sorkuntza arau oso zehatzak betetzen dituzte. Beraz, tresna informatikoen erabilera formalizazio tradizio luze baten barruan sartzen da. Informatika musikalak benetako zabalkuntza izan zuen hots sintesiaren eta materialaren txikitzearen bidezko teknikei esker. Ordenagailua musika sorkuntzako aldi guztietarako erabil daiteke: konposizioan laguntzeko edo hots berriak sortzeko tresna gisa, eta horrez gainera, kontzertuetako tresna gisa, izan ere, aukera ematen baitu denbora errealean sortzen diren hots gertaera mota guztiak zabaltzeko eta kontrolatzeko.  v  Charles Babbagek 1840. urtean, informazioaren tratamendu automatikorako metodo bat asmatu zuen, datuak prozesatzeko elkarren artean kateatutako txartel zulatu batzuk erabiliz; 1924. urtean ezaugarri horietako makina bat diseinatu zuen IBM (International Business Machines) elkartearen sortzaile izan zen Hermann Hollerith-ek. Lehen konputagailu elektronikoa, J.P. Eckert eta J.W. Mauchly irakasleek sortu zuten Estatu Batuetako Pensilvaniako unibertsitatean 1946. urtean. Konputagailuen merkaturatzea ordea1953. urtean hasi zen, Johannes Von Neuman Estatu Batuetako matematikariak datuen trataerari buruz egin zituen zenbait berrikuntza garrantzitsuri esker.  v  Informatika elkarren artean erlazioa duten lau alorretan bana daiteke. Lehen alorrak informazioaren tratamendurako metodoak lantzen ditu, algoritmo berrien aurkikuntza adibidez; bigarren alorrak, informazioaren tratamendua gauzatzea posible egiten duten sistemen arkitektura aztertzen du; hirugarrenak sistema informatikoaren teknologia egiturak ikertzen ditu, osagai elektronikoen eta mekanikoen ikerketa eta aukeratzea adibidez. Informatikaren tresneria (edo hardware-a) bigarren etahirugarren alorrez osatua dago. Informatikaren laugarren atala, berriz, programazio mintzairen ikasketez, eta orokorki, software-aren (edo programa multzoa) metodologiaren bilakaeraz arduratzen da. Informatikan bi eratako hizkuntzak bereizten dira: alde batetik maila garaikoak eta bestetik maila apalekoak. Maila garaiko hizkuntzek programazioa erraztearren, makina mintzairaren (sinbolotzat 0 eta 1 zifra binarioak erabiltzen dituen mintzaira; ordenagailuaren banako zentralak ulertzen duen bakarra da) agindu bat baino gehiagorentzat, agindu bakarra dute (FORTRAN, COBOL, BASIC, etab.). Maila apalekoek, berriz, makina mintzairaren agindu bakoitzeko agindu bana dute, eta oso konplikatuak dira. Maila apaleko hizkuntza ezagunena ensanbladore hizkuntza deritzana da. Gaur egun guztiz zabaldu da informatika gizartean, nola gestioan, hala jakintzetan edo artean; garrantzia handia izan dute hedapen horretan konputagailu pertsonalek. ik. konputagailu.