Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

informazio

iz. Argibidea.  v  Komunikazio edo mezu baten edukia. Sokratesen aurreko filosofoengandik gaur eguneko semiotikarienganaino, gizona beti saiatu izan da informazioa nola komunikatzen den, nola eramaten edo adierazten den esanahia jakiten eta zeinuak eta zeinuen izaera aztertzen. Charles S. Peirce filosofo, matematikari eta fisikari iparramerikarrak hiru dimentsio egotzi zizkien zeinuei: zeinuaren gorputza edo ingurunea, zeinuari dagokion edo zeinuak seinalatzen duen objektua eta zeinuaren interpretari edo interpretazioa. Informazioaren funtsezko erlazioak hirutarrak zirela eman zuen aditzera Peircek; hala ere, fisikaren zientzietako erlazio guztiak erlazio bitarratara bil daitezke. Charles W. Morris filosofoak alderdi sintaktiko, semantiko eta pragmatiko izendatu zituen zeinuaren hiru dimentsio horiek, eta gaur egun ere horrela ezagutzen dira.  v  Informazioaren teoria Ziber. Informazioaren eta komunikazioaren alderdiak eta arazoak argitzen dituen matematikazko teoria, batez ere informazioa igortzeko prozesuak aztertzen dituena. Teoria honen oinarriak Claude E. Shannon ingeniari iparramarikarrak finkatu zituen 1948an, eta geroztik oso abiada handian garatu da, eta baita beste alorretara zabaldu ere, komunikabideen egituraketara, automatizaziora, informazio zientziara, psikologiara eta abarretara.  v  Teoria honen arabera edozein eratako komunikazio sistemak lau osagai ditu: mezuaren edo informazio edukiaren emailea (irratia, telebista, irakaslea, adibidez), bai emaileak eta bai hartzaileak ezagutzen duen kodea (hizkuntza), igorbide den kanala edo bitartekoa (liburua) eta mezua jasotzen duen hartzailea (irrati entzulea edo ikaslea). Azpimarratu behar da teoria honen arabera informazioak ez duela zerikusirik mezuak berez dakarren esanahiarekin; hau da, informazio emaileak mezu bat aukeratzen du igor ditzakeen mezu guztien artean eta aukeraketa hori komunikatzen du mezu hori igortzean. Shannonek berak zioenez, aukeraketa bat egitea, zehaztea da informazioa. Hala, liburu bat idazten duenak aukeraketa multzo bat egiten du, hurrenez hurren, hiztegian bilduta dauden hitzetatik, eta aukeraketa hurrenkera hori da liburuan ematen duen informazioa. Hitzen esanahia ez du liburuaren egileak ematen, hiztegiak baizik (kodeko elementuek berez dute esanahia kodearen barruan), eta horrexegatik esanahia ez da liburuaren egileak emandako informazioa.  v  Informazioa neurtzeko, aukeraketa bakoitza bi posibilitateren arteko (aukeraketa bitarrak) aukeraketa hurrenkera batera mugatzea proposatzen du Shannon-ek. Zernahi aukeraketa, guztiz konplexua izanagatik, aukeraketa bitarren hurrenkera batez egin daiteke. Esaterako, 16 mezu posibleren artetik (16 esaldi, adibidez) bat igorri nahi bada, mezu guztiak iladan jarri eta aukeraketa hurrenkera bat egin daiteke horrela: zatitu mezu ilada erditik, mezua dagoen zatia edo erdia aukeratu eta ezetsi beste erdia. Lehenengo aukeraketaren ondoren 8 mezu geratuko lirateke, bigarrenaren ondoren 4, hirugarrenaren ondoren 2 eta, azkenean, laugarren aukeraketan igorri nahi zen mezua geratuko da. 4 aukeraketa bitar behar izan dira mezua aukeratzeko, eta mezu horrek 4 bit-eko informazio edukia duela esaten da (ik. bit).  v  Kontuan hartu behar da, ordea, aukeraketa batzuk jakinagoak direla besteak baino (gehienetan lehenengo aukeraketek baldintzatu egiten bait dituzte nolabait ondorengoak) eta orduan mezuek informazio gutxiago edukiko dute. Hori dela eta, Shannon-ek mezu bakoitzaren aukeraketa “probabilitatea” kontzeptua sartzen du informazioan. Mezu guztiak probabilitate berdinekoak badira, mezuak eduki lezakeen informazio eduki handiena dauka. Horrela bada, gertaera batek gertaera horren ordez gerta zitezkeen besteei buruz duen ezaugarria izango litzateke informazioa. Informazioaren neurria mezuen kopuruaren eta haien probabilitatearen arabera ematen duen formula asmatu zuen Sahnon-ek: I(i) = log2 1/pii gertaera baten I informazio kopurua, bit-etan, haren probabilitatearen (pi) alderantzizkoaren logaritmo bitarra da. Formula horrek, ordea, fisikako sistema baten “entropia”ren formularen egitura bera daukanez, Shannon-ek “entropia” deitu zion informazioaren neurriari. Alde horretatik, entropiak gas baten molekulen mugimenduen izaera aleatorio eta iragartezinaren neurria adierazten duen gisan, segurtasun ezak mezu baten izaera aleatorioa, eta aurrez jakin ezina, beraz, adieraziko luke. Zenbat eta informazio gehiago, hainbat eta aleatoriotasun gutxiago, eta ondorioz entropia gutxiago. Bestela esanda, zenbat eta handiagoa sistema baten entropia (bere estatistika egoeraren segurtasun eza), hainbat eta gutxiago adierazten du bertako elementu edo mezuetako bakoitzak sistema osoaz eta, horrexegatik, informazio dauka; eta alderantziz, sistemako elementu edo mezu guztiek probabilitate bera badaukate, entropiak zero balioa izango du (bere estatistika egoeraren segurtasun erabatekoa) eta bertako elementu edo mezu bakoitzak gehieneko informazioa emango du sistema osoaz.         
 v  Informazioa igorpenaren ikuspuntutik hartuta, gaur egun osagai gehiago eransten zaizkio aurreko lau elementuko komunikazio sistemari: informazio emailea, jatorrizko informazioa igortzeko egoki den modura kodifikatzen duen tresna igortzailea, kanala edo bitartekoa, informazioa kodifikatua gutxi-asko jatorrizko modura itzultzen duen tresna hartzailea, informazio hartzailea eta kanaleko “zarata” (igorpenean zehar mezua iragarri ezin den eran aldatzen duen interferentzia edo distortsioa, edo mezuari traba egiten diona). Alderdi honetatik, kanal batek informazioa eramateko duen gaitasuna, tresna igortzaileen eta hartzaileen igorpen lastertasuna, zarata edo interferentzia egoera jakin batean haiek duten batez besteko zehaztasuna, tresnek erabiltzen dituzten kodifikazio-deskodifikazio sistemak eta abar ere aztertzen ditu informazio teoriak, matematikako probabilitateak eta estatistika eta telekomunikazioko teknikak erabiliz, datuen segurtasun eza edo akatsak ahal den neurrian gutxitzeko.  v  Informazioaren zientzia. Informazioa biltzeaz, egituratzeaz eta banatzeaz arduratzen den zientzia. Alor askotako kontzeptu eta metodoak (liburutegigintza, konputagailu zientzia, hizkuntzalaritza, zibernetika eta bestelako teknologiak) elkartzen saiatzen da, informazioa erabiltzen —pilatu, kontrolatu eta egituratzen, alegia— laguntzen duten teknika, tresna eta metodoak garatzeko.