infernu iz
Kristau erlijioan, kondenatuak betiereko zigorra hartzen duten lekua; grekoen mitologian eta Testamentu Zaharrean, hilen arimen egoitza. v Erl. Erlijio gehienetan agertzen da infernua. Antzinako herrietan, infernua lurpeko erreinua zen, urruneko uhartea, beheko munduko amildegi sakona, lurpeko mundu hotza eta iluna, hildakoaren arima bizi den zeruko etxea, edo arimaren hodeietako egoitza. Mendebaleko erlijioetan (zoroastrianismoa, judaismoa, kristautasuna eta islama) infernua azken epaiketan zigortuak izan direnen azken egoitza da. Zoroastrianismoak (K.a. VI. mendeko Irango erlijioa, Zoroaster edo Zaratustra igarleak sortua) dioenez, hildakoaren arimak hiru gau behar ditu epaitua izateko eta laugarren egunean bizitzako ekintzak epaitzen zaizkio “epaiketaren zubian”. Ekintza gehienak onak izan badira, hildakoaren arima zerura joaten da eta zubia zabalagoa egiten zaio; baina ekintza txarrak baldin badira nagusi zubia estutu egiten zaio arimari eta infernura joaten da, eta bertan Errenazimentu garaia iritsi arte atsekabeak pairatzen ditu. Ekintza onak eta txarrak parekoak dituztenentzat bada beste egoitza bat, gutxi gorabehera kristauen purgatorioaren antzekoa dena. Juduentzat infernua gaizto izan direnentzat zigor lekua da. Kristauen infernua juduen kontzeptuan dago oinarritua: deabruaren eta bere aingeruen eremua da, bekatuzko bizitza izan dutenen eta Jaungoikoa gaitzetsi dutenen betiko zigor lekua. Islamak ere aurreko beste hiru erlijioen antzera ikusten du infernua, eta era honetara deskribatzen du: infernua zubi baten azpian dagoen sumendi piztu bat da, eta arimak zubi gainetik igaro behar du paradisura joateko. Bekatariak zubitik behera erortzen dira eta atsekabeak jasaten dituzte Alak nahi duen arte. Hinduismoarentzat infernua arimaren ibilaldiaren egonaldi bat da, mundura berriro itzuli baino lehenagoko behin behinekoa. Txinako taoistek diote hildakoa jainkoarengana eramaten dela, bertuteak dituena Budaren paradisura doala eta kondenatua infernuko hamargarren gortera. Berrogeita bederatzi egun igaro ondoren, bekataria infernuaren erreinura jaisten da, eta bertan zigorrak jasaten ditu, Ti-ts´iang errukiorrak beste bizitza berri batera igarotzen ez badio laguntzen.