Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ifni

Marokoko herrialdea. 1.500 km2 eta 49.889 biztanle. Hiriburua, Sidi Ifni. Atlantiko itsasoaren bazterrean dago, Lanzarote uhartearen parean. Itsasoaren eta basamortuaren artean dago. Iparraldean Tagragrako ordokia du eta hegoaldean Tiliuin ordokia. Asaca (edo Nun) ibaia da urte osoan ura dakarren ibai bakarra. Klima lehorra du eta euri gutxi egiten du. Garagarra lantzen da, batez ere, baina ibai bazterretan baratze koxkorrak ere badira. Abeltzaintzak ere badu garrantzirik. Biztanle gehienak berberiarrak dira. 1934an Espainiak bereganatu zuen. Marokok burujabetasuna lortu zuenean, Espainiaren mendeko lurraldea zen Ifni. Gatazkak izan ziren Espainiaren eta hangoen artean 1957az gero. Frantziaren laguntzarekin, Espainiako gobernuak matxinatuak menderatu zituen. 1958an Ifni Espainiako probintzi bihurtu zen. 1969an Marokori lurraldea itzultzeko hitzarmena izenpetu zuen Espainiak.