Huelva
Espainiako probintzia (Andaluzia). 10.085 km2, 440.637 biztanle. Andaluziako probintziarik mendebalekoena da. Honako mugak ditu: Badajoz, iparraldean; Sevilla, medebalean; Cadiz, hego-mendebalean, Ozeano Atlantikoa, hegoaldean, eta Portugal, ekialdean. Hiriburua: Huelva. Hiri nagusiak: Isla Cristina, Ayamonte, Lepe eta Almonte. Ekonomia jarduera nagusiak: lehorreko laborantza (laboreak, mahatsa, olibondoak, etab.); arrantza; abeltzaintza (ardiak, zerriak); meategiak (kobrea, Riorinto, La Zarra eta Tharsis-en; manganesoa, Almonaster-en); industria (petrokimika, La Rabida-n; arrain kontserbak; ardogintza; metalgintza; kimika). v Izen bereko probintziako hiriburua, probintziako hegoaldean, Odiel eta Tinto ibaien bokaleko penintsulan. 141.041 biztanle. Arrantzarako eta meatze garraiorako portu garrantzitsua du. v Historia. Greziar eta erromatar autoreek aipatzen zuten Huelva hiria, Onuba izenaz, metal merkataritzako gune garrantzitsua baitzen. 713. urtean musulmanek hartu zuten hiria, eta Welba izena eman zioten. Kaliferria desegin zenean (1032), taifa erresuma bat eratu zen bertan, Saltes, Silves, Niebla eta Huelva bera biltzen zituena. Taifa erresuma hori, 1051n, Sevillako taifak bereganatu zuen. Alfontso X.ak Niebla hartu izanaren ondorioz (1261), Gaztelaren mendeko bihurtu zen Huelva. XVI. mendean, eta Amerika konkistatu berriarekiko merkataritzaren eraginez, ekonomia hazkuntza handia ezagutu zuen Huelvak. v Artea. Hiriburuko San Pedro eliza mudejarra da, eta bertan zegoen mezkitaren aztarnak gorde ditu. Probintziako Arkeologia Museoak historiaurreko, erromatar eta, batez ere, musulman artearen aztarnak bildu ditu.