Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huesca

Espainiako probintzia (Aragoi). 15.613 km2, 206.763 biztanle. Aragoiko probintzia iparraldekoena. Honako mugak ditu: Pirinio mendiak, iparraldean; Katalunia (Lleida) mendebalean; Zaragoza, hegoalde eta ekialdean, eta Euskal Herria (Nafarroa) ipar-ekialdean. Huescako iparraldean, Pirinioetako mendi garaienetako batzuk daude: Aneto mendia (3.404 metro), Posets (3.375 metro) eta Perdido mendia (3.355 metro), besteak beste. Pirinioetako haran nagusiak: Anso, Hecho, Benasque. Iparraldean, Pirinioetako hegoaldean, Ordesako Parke Nazionala dago. Hiriburua: Huesca. Hiri nagusiak: Monzon, Barbastro, Jaca, Fraga. Laborantza: laboreak, barazkiak eta fruituak. Abeltzaintza: ardiak eta behiak. Industria: hidroelektrikoa, batez ere, eta elektrokimika (Monzonen). v Izen bereko probintziako hiriburua, ekialdeko ordoki batean (Hoya de Huesca izenekoan) dagoena. 41.455 biztanle. v Historia. Erromatarren garaian, Osca deitua izan zen, eta Erromako gerra zibiletan parte hartu zuen, Zesarren alde. Musulmanek hartu zuten 713an, eta Washka izena eman zioten. Musulman eremuaren muga egin zuen, Petri I. Aragoikoak 1096an hartu zuen arte. Aragoiko erregeek bertan bildu zituzten, zenbaitetan, Aragoiko Gorteak. Merkatari ugari (musulmanak, juduak, frankoak eta katalanak) aritu ziren ehungintzan, XVI. mendea arte. v Artea. Huesca hiriko katedrala gotikoa da (1275-1525), eta bertan zegoen mezkitaren gainean eraiki zen. Eliza erromanikoak: San Pedro el Viejo (XII. mendekoa, klaustroa San Juan de la Peña egin zuen maisu beraren lana da), Santa Maria de Salas (hiritik gertu). Eliza barrokoak: Santo Domingo, San Lorenzo. Udal Jauregia (1577-1612) berpizkunde garaikoa da. Probintziako Arkeologia Museoa unibertsitate zaharrarena izandako eraikuntza batean dago, eta unibertsitatea Alfontso II.aren garaian eraikitako Errege Jauregian dago.