Howard, Ron
Estatubatuar zinema zuzendaria (Duncan, Oklahoma, 1954). Gaztetan antzezle gisa lan egin zuen, antzerkian, telebistan eta zineman. Hogeita lau urte besterik ez zituela egin zuen bere lehen filma: Gran Theft Auto (1978). Ez film horrek ez hurrengoak –Night Shift (1982)– ez zuten arrakasta handirik izan. Hurrengo filma Sirenatxoa ipuinaren egokitzapen bat izan zen, 1, 2, 3… Splash (1984), Tom Hanks eta Daryl Hannah zituena protagonista nagusi, eta aurrekoek baino arrakasta handixeagoa izan zuen. Benetako arrakasta, ordea, Coccon (1985) filmarekin lortu zuen: antzezle zuzendari bikaina zela erakutsi zuen hartan. Ron Howardek film komertzialak egiten ditu, ikusle asko erakartzeko asmoz, baina genero jakin bati heldu gabe. 1995ean bere karrerako film arrakastatsuena egin zuen, Tom Hanksekin berriro ere: Apolo XIII.a. Oscar sari askotarako izendatu zuten film hori, baina bi besterik ez zituen irabazi: muntaketa eta soinu banda onenarenak. Beste lan batzuk: Gaueko txanda (1982); Willow (1988); Sugarrak (1991); Albistearen atzetik (1995); Erreskatea (1996).