Howard, Richard
Estatubatuar poeta eta itzultzailea (Cleveland, 1929). Columbiako Unibertsitatean eta Parisen, Sorbonan, egin zituen ikasketak. 1970ean Pulitzer saria irabazi zuen Untitled Subjects (1969, Titulurik gabeko gaiak) poema bildumarengatik. Liburua XIX. mendeko artista, musikagile eta idazleen 15 bakarrizketen bilduma zen. Bertso bidezko bakarrizketa eta elkarrizketa gehiago landu zuen, halaber, bere beste zenbait liburutan: Two-Part Inventions (1974), Fellow Feelings (1976), Misgivings (1979), eta Lining Up (1984). Richard Howard bere garaiko itzultzaile onenetako bat izan da, eta frantses poesia modernoaren eta eleberri esperimentalen itzulpenengatik da batez ere ezaguna. Besteak beste, Claude Simon, Albert Camus, Simone de Beauvoir, Michel Butor eta Alain Robbe-Grilleten lanak itzuli ditu. Halaber, Charles Baudelaireren Les Fleurs du Mal itzuli du. Bestalde, Estatu Batuetako arte eta poetei buruzko kritika lan aipagarri bat badu: Alone with America: Essays on the Art of Poetry in the United States Since 1950 (1969 eta 1980, Amerikarekin bakarrik: Estatu Batuetako 1950etik aurrerako arte eta poesiari buruzko saiakerak). 1974an Preferences argitaratu zuen, Estatu Batuetako poesiaren antologia bat, bere kritika iruzkinez hornitua.