Hope, Bob
(Jaiotza izenez, Leslie Townes). Estatu Batuetako zinema antzezlea, jatorriz britainiarra (Eltham, 1903 - Toluca Lake, Kalifornia, 2003). Estatu Batuetara lanera joan zen familia bateko semea zen, eta gaztetandik komedia lanetarako eta parodiak egiteko trebetasuna izan zuen. Broadwayko music-hall-ean egin zuen lan, baina famarik handiena irratiak eman zion (1938an Thanks for the memory irrati nobelan egin zuen lan). 1939an The cat and the canry filmean parte hartu zuen. Bob Hope Estatu Batuetako komiko aintzat hartuenetakoa izan da, bai bere keinu barregarriengatik, eta baita elkarrizketa ia zentzugabeak erabiltzen zituelako ere. Film ezagunenak: The pale face (1948, Musu xuria), Son of pale face (1952, Musu xuriaren semea), The princess and the pirate (1944), Monsieur Beaucarie (1946), Alias Jesse James (1959). Hirurogei filmetan lan egin ondoren utzi zuen zinemagintza, eta bere lanagatik bost Oscar irabazi zituen (1940, 1944, 1952, 1959, 1965).